Florencio Iratxetak plaza forma du berriro
Inguru horretako 'etxe merkeak' proiektuaren bultzatzailearen izena duen Florencio Iratxeta plaza berreskuratu dute. Hala, Anakako etxeen lehen fasea bukatu dute.
Anakako etxe merkeak deituriko inguruko lanen lehen fasea burutu dute eta horren aurkezpena egiteko bertan izan dira gaur Cristina Laborda alkatea eta Borja Olazabal Mugikortasun ordezkaria, baita Txomin Gutierrez Anaka auzo elkarteko presidentea ere.
Lanen kostua 2 milioi eurokoa izan da eta aurrekontuaren %50 Next Generation funtsen bidez finantzatu dute. Obra hauen helburua, “egonlekuak eta topaguneak” berreskuratzea eta sortzea izan dela gogoratu dute, “irisgarritasun unibertsala bermatuz”.
Fabiola Erregina eta Isabel Erregina artean zegoen aparkalekua kendu egin dute eta, orain, mahai batzuk eta eserleku batzuekin batera berdegune txiki bat sortu baitute. Antzeko jarduketa egin dute Anaka kaleko autobus paradaren bueltan.
Aldaketa nabarmenena Florencio Iratxeta plazatxoan egin dute. Izan ere, biribilgune bat zen eremua eta plazatxo izaera hartu du orain. Kirola egiteko elementu batzuk jarri dituzte, bai eta eserleku batzuk ere.
Azpiegituretan ere lanak egin dituzte eta saneamendu sare berria jarri eta egun ur zikinak jasotzeko balio duena mantendu egin dute. Bestalde, energia elektrikoaren eta telefoniaren azpiegiturak berritu dituzte, eta argiteria publikoa ere guztiz berritu kale argi berriak jarrita.
Florencio Iratxeta
Florencio Iratxeta Irungo PSE-EEko zinegotzia izan zen 1931tik 1938 urte bitartean, baita Irungo UGTko presidentea ere. Anakako etxe merkeak bezala ezagunak diren etxebizitza urbanizazio proiektuaren bultzatzaileetako bat eta zuzendaritza batzordeko kidea izan zen. Baina, 36ko gerra hasi eta fusilatu egin zuten Iratxeta, Ondarretako espetxean gatibu eduki ondoren.
Laborda alkateak adierazi du martxoa aldera Iratxeta omentzeko ekitaldiak egitea dutela asmo. Ez du data zehatzaren berri eman, baina Memoria Historikoaren departamentua horretan lanean dabilela baieztatu du.
No hay comentarios:
Publicar un comentario