Mugikortasun planari alegazioak aurkeztuko dizkio EH Bilduk
Planean ageri diren proiektuetan "ondorioen aurreikuspen falta" dagoela baloratu du EH Bilduk. Horrez gain, datozen urteetako proiektu handiak ez direla jaso azaldu dute, hala nola, Txenperenea eremua.
Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planak (HMJP) “gabezia handiak” dituela uste du EH Bilduk eta dokumentua hobetzeko asmoarekin alegazioak aurkeztuko dituzte.
Planak “ikuspegi integralaren” falta duela azaldu dute eta planean jaso dituzten neurrietan izango diren ondorioen aurreikuspena falta dela deitoratu dute. “Eta, ondorioz, ez du horiek arintzeko alternatibarik proposatzen. Esaterako, isuri gutxiko eremua indarrean jartzean inguruko kaleetako trafikoan eragingo dituen ondorioak ez dira aztertzen”.
Aurreikuspen horiek egitea oinarrizkotzat jo ditu koalizio subiranistak eta udal gobernuari mugikortasuna “modu integralean batean” lantzea eskatu diote. “Leku batean ezartzen den neurri batek, hiri osoan eragina izan dezakeelako”.
Oihana Briones bozeramailearen ustetan funtsezko proiektuak falta dira planean eta hiritarren mugikortasun beharretan oinarrituta “alternatiba jasangarriak” bultzatzearen alde agertu da. Horretarako, leku estrategikoak identifikatzea, garraio publikoaren bidez irisgarritasuna bermatzea eta etorkizuneko erronken araberako plangintza bat diseinatzea proposatu ditu.
HMJPk, gainera, ez dituela oinarrizko elementuak jaso azaldu dute, hala nola, tren geltoki intermodal berria, San Migel Anaka eremua, Txenpereneako proiektua edota Irungo Areto Moldakorra. Proiektu horiek hiria eraldatuko dutenak ziur da Briones eta dokumentuan ez direla aztertu mahai gaineratu du. “Dokumentuak gabezia handiak dituela esaterakoan honetaz ari gara, besteak beste. Horregatik EH Bildutik dokumentua zuzendu eta osatzeko alegazioak aurkezteko erabakia hartu dugu”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario