Bertso afaria, Euskal Jirarentzat dirua biltzeko
Foro Irun Hogeitabatek bertso afaria antolatu du Euskal Jiraren gastu ekonomikoei aurre egiteko. Nerea Elustondo eta Sebastian Lizaso arituko dira bertsotan.
Foro Irun Hogeitabat elkarteak Euskal Jirak dituen “arazo ekonomikoei” aurre egiteko bertso afari bat antolatu du martxoaren 9rako, 21:00etan. Bildutako diruaren erdia emango diote euskal festari, hain zuzen ere.
Narbartenea elkartean egingo dute (Karrika Nagusia, 11) eta bertan izango dira Nerea Elustondo eta Sebastian Lizaso bertsolariak. Afariaren prezioa 20 eurokoa da eta bertan ordaindu beharko da. Dena den, bertaratzeko nahia iragarri egin beharko da mezu elektroniko bat bidalita, martxoaren 7a baino lehen.
Menua honako hau izango da: Bakailoz betetako piperrak pikillo saltsan; masailak saltsan patata purearekin; postre gozoa; kafea eta txupitoa. Edateko, ardoa, sagardoa, freskagarriak, garagardoa eta ura.
Erromeria ibiltaria
Igande honetako erromeria ibiltarian ere parte hartuko du Foro Irun Hogeitabatek, “euskara eta euskal kultura hirian sustatzea” helburu dutelako. Era horretan, Nabartenea Abesbatzak erromeriarekin bat egingo du eta aurretik entseatu egingo dutela jakinarazi dute. Horretarako hitzordua bihar finkatu dute, Nabartenean bertan, 19:00etan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario