Irrisarri Landeko udalekuak aurten ere egingo dira
300 plaza daude guztira, eta Irunen erroldatutako 8 eta 16 urte bitartekoentzat dira. Euskara hutsean eskainiko dituzte udalekuak.
Irrisarri Land Igantzin dagoen abentura parke bat da eta Irungo Udalak 8 eta 16 urte bitartekoentzat udalekuak antolatzen ditu bertan. Aurtengo edizioaren aurkezpena egin du gaur Sergio Javier Gazteriako ordezkariak eta adierazi du udaleku hauek “oso erakargarriak” direla gazteentzat eta “arrakasta handia” dutela. Udaleku hauek euskara hutsean izango dira.
Izen ematea bihar zabalduko dute, martxoak 1 eta 11n itxi. 300 gazterentzako tokia egongo da eta sei txanda eskainiko dituzte. Horietako bakoitzean 50 parte hartzaile egongo dira, eta txanda bakoitzean, plaza bat gordeko dute behar bereziak dituzten edo instituzioen tutoretza pean dauden haurrentzat. Jardueren artean, zaldi gaineko paseoak, tirolinak eta mendi bueltak egingo dituzte, betiere naturarekin eta abenturarekin harremanetan.
Txandak
- Lehenengo txanda: uztailaren 2tik 8ra bitartean izango da, 8 eta 10 urte bitartekoentzat, hau da, 2014, 2015 eta 2016 urteetan jaiotakoentzat.
- Bigarren txanda: uztailaren 8tik 14ra bitartean izango da, 11 eta 13 urte bitartekoentzat, hau da, 2011, 2012 eta 2013 urteetan jaiotakoentzat.
- Hirugarren txanda: uztailaren 14tik 20ra bitartean izango da, 8 eta 10 urte bitartekoentzat, hau da, 2014, 2015 eta 2016an jaiotakoentzat.
- Laugarren txanda: uztailaren 20tik 26ra bitartean izango da, 11 eta 13 urte bitartekoentzat, hau da, 2011, 2012 eta 2013 urteetan jaiotakoentzat.
- Bosgarren txanda: uztailaren 26tik abuztuaren 1era bitartean izango da, 14 eta 16 urte artean dituztenentzat, hau da, 2008, 2009 eta 2010ean jaiotakoentzat.
- Seigarren txanda: abuztuaren 1etik 7ra bitartean izango da, 11 eta 13 urtekoentzat, hots, 2011, 2012 eta 2013 urteetan jaiotakoentzat.
Izen ematea
Izen ematea bihar zabalduko dute, martxoak 1 eta 11n itxi. Zozketarako onartutako eta baztertutako eskatzaileen behin behineko zerrenda, martxoaren 14an eta 15 egingo dute publiko udalaren orrialdean, 010 eta 943 505 152 telefonora deituta, udalaren autozerbitzu terminaletan. Egun horietan ere alegazioak ahalko dira aurkeztu.
Zozketa, berriz, martxoaren 20an egingo da, 10:00etan, jendaurrean. Adin tarte bakoitzeko zozketa bat egingo da; batetik, 8 eta 10 urtekoen txandarako, eta bestetik, 11 eta 13 urtekoen txandetarako, eta azkeneko bat, 14 eta 16 urtekoen txandarako. Esleipenaren berri jakiteko epea martxoaren 26an zabalduko dute.
Behin betiko izen ematea apirilaren 10etik 19ra bitartekoa izango da. Prozesu guzti horrekin bukatzerakoan, gurasoentzako bilera bat eskainiko dute, programazioaren gaineko informazio guztia helarazteko.
Abenturaero udaleku irekiak
Irrisarri Landeko udalekuez gain, 2013tik 2016ra bitartean jaiotakoek Abenturaero udaleku irekiak izango dituzte ere aukeran. Udaleku hauetan hiru txanda eskainiko dituzte, eta hogei toki txanda bakoitzeko.
Astebeteko iraupena izango dute, astelehenetik larunbatera, goizez eta ostiral gauez. Jardueren artean, eskalada, stand up paddlea, surfa edota abentura parke batera bisita daude.
No hay comentarios:
Publicar un comentario