Krea Bidasoa, martxoaren 21ean
XV. edizioaren goiburua 'Konektatzen dugun tokian' izango da, eta ekintzailetza, sormena eta berrikuntza ekosistema izango dute ardatz.
Krea Bidasoa antolatu du beste urte batez Bidasoa Bizirikek. Martxoaren 21ean izango da aurtengoa, Ficoban, eta Konektatzen dugun tokian da hamabosgarren edizioaren goiburua. Ekitaldi honekin ekintzaileak, enpresak, erakunde publikoak eta pribatuak eta beste eragileak elkartu nahi dituzte, “beste esperientzia batzuk ezagutzeko, ezagutzak zabaltzeko eta negozio-joera eta aukera berriak identifikatzeko”.
Edizio honetan, ekintzailetza, sormena eta berrikuntza ekosistema osoan Bidasoan egiten ari diren konexioak izango dira ardatz nagusi. Guztira, 400 pertsona baino gehiago elkartuko dira.
Programa
Industria enpresak izango dira nagusiki parte hartzaileak eta tailerrak eta hitzaldiak jasoko dituzte. Esaterako, neuromarketingari buruzko Konektatu zure bezeroekin hitzaldia eskainiko dute. Bertan, neurozientziak salmentak handitzeko eta bezeroa erosteko erabakiek nola funtzionatzen duten jakiteko zer egin dezakeen erakutsiko dute.
Adimen artifiziala ere protagonista izango da. Horretarako, saio batzuk antolatu dituzte salmenten munduan dauden “irtenbide berritzaileak” azaltzeko, marketin plan bat egiteko eta ikuspegi komertziala eraldatuko duten bezeroak konbentzitzeko edukiak sortzeko.
Horrez gain, Hackathon Start Ekintzaile -Farmer Fish Challenge izeneko erronka egingo dute, Bidasoko Lanbide Heziketako ikastetxeetan Espiritu Ekintzailea Sustatzeko Programaren barruan. Programa horren bidez, erronkei irtenbideak eman eta helburu komun bat lortu nahi dute, elkarlanean, epe laburrean.
Irun eta Hondarribiko hainbat sormen-proiektu aurkezteko networking espazio bat ere egongo da. Espazio hori etenaldia egiteko gunea izango da eta kafe baten bueltan “sinergiak” sortzekoa.
No hay comentarios:
Publicar un comentario