viernes, 2 de febrero de 2024

Irungo autobus flota osoa izango da elektrikoa

Noticia publicada en Bidasoko Hitza , el viernes día 2 de Febrero de 2024.

Irungo autobus flota osoa izango da elektrikoa

Hiru autobus elektriko fabrikatzeko esleipena egin du udalak. Era horretan, Irunbusen bost lineak guztiz elektrikoak izango dira.

Irungo Udalak hiru autobus elektriko fabrikatzeko, hornitzeko eta saltzeko esleipena egin dio Iveco enpresari. Autobus horiekin Irunbusen flota osoa izango da elektrikoa. “Autobus berri hauek erosita, ziklo arrakastatsu bat itxi dugu, hiri atsegin eta osasungarriagoa eraikitzeko bidean erreferentzia gisa balioko diguna proiektua eta erronka berriei aurre egiteko” dio Cristina Laborda alkateak.

Ivecok 9 metroko hiru autobus %100 elektriko fabrikatuko ditu, 15 eta 20 aulki artean izango dituzte eta gurpildun aulkiak kabitzeko espazioa izango dute. Kostuei erreparatuta, autobusena 1.760.550 eurokoa da, eta karga sistemarena 174.240 eurokoa. Autobusak 39 asteko epean entregatzeko konpromisoa hartu du enpresak.

Proiektuaren guztizko aurrekontua 8.545.816,77 eurokoa da, eta 1.961.570.25 euro Next Generation funtsen kontura finantzatu dituzte. Udalak flota osoa elektrifikatzeko epea hiru urte laburtu du horrela, 2028an bukatzea aurreikusi baitzuten.

Autobus horien entregarekin bukatu egingo litzateke hiriko autobus publikoen elektrifikazio prozesuaren hirugarren fasea. Egun, lehenengo eta bigarren lineak guztiz elektrikoak dira, eta aurrerantzean hirugarren, laugarren eta etorkizuneko bosgarrena ere izango dira.

No hay comentarios: