viernes, 2 de febrero de 2024

Merkatarientzako aholkularitza zerbitzu bat proposatu du EAJk

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el viernes día 2 de Febrero de 2024

Merkatarientzako aholkularitza zerbitzu bat proposatu du EAJk

Bi urtetan 50 saltoki itxi direla medio, "gogoeta egitea eta non hobetu behar den ikustea" eskatu diote udalari.

EAJk merkatariekin biltzeko beharra identifikatu du, Irungo merkataritzaren errealitatea aztertzeko eta beharrei erantzuteko. Izan ere, bi urtetan 50 saltoki baino gehiago itxi direla diote, hau da, 781 establezimendu izatetik 2023an 728 izatera pasatu ziren.

Merkatariekin bildu dira jeltzaleak eta segurtasun kontuak “tinko” azpimarratzeaz gain, udalak ematen dituen laguntza asko “balorazio subjektiboen menpe” daudela deitoratu diete merkatariek. “Atera dugun ondorioetako bat izan da merkatari hauek asko eskertuko luketela diru laguntza hauen eskaera egin aurretik, osoko aholkularitza pertsonalizatua jasotzea”. Era horretan, laguntzak eraginkorragoak izango zirela diote, eta diru laguntzen helburua beteko zela.

Proposatu duten aholkularitza zerbitzuaren laguntzak baloratzeko irizpideak aztertzearen proposamena egin du EAJk, merkatariei aholkuak emanez, eskaerak behar bezala aurkez ditzaten. “Izan ere, dakigunez, kasu batzuetan laguntza horiek erabakigarriak izaten dira ateak irekitzen dituen saltoki batek Irunen bere proiektua sendotu eta finkatu ahal izateko”.

Irun hiri bizia izateko “ezinbestekoa da kaleetan merkataritza izatea eta sustatzea”, eta merkataritza hori “hurbilekoa, kalitatezkoa, kilometro zero produktua” indartzen duena izatea nahi dute. Horretarako “gogoeta egitea eta non hobetu behar den ikustea” eskatu dute, eta bilera bat eskatu diote Hiriko Sustapen Ordezkariari proposamen hau azaltzeko.

Udalak “modu aktiboagoan” laguntzea nahi dute “gure hirian merkataritza bat irekitzearen alde eginez”. Zeharka egin behar dela lan diote, “gure hirira bisitariak erakartzeko eta, ondorioz, Irunen garatzen diren jarduerak ez daitezela soilik barne kontsumoaz elikatu”

 

No hay comentarios: