Pio XII plaza irisgarriagoa izateko lanak egingo dituzte
Aldaketa txikiak izango dira eta plazaren izena duen kalean izango du eragin nabarmena. Hiru hilabetetan egikarituko dituzte.
Aurreko agintaldian erabaki zuten irisgarritasun jarduketak egitea Bizikidetza eta Segurtasun Planaren barruko talka planaren esparruan. Hala, Pio XII plaza irisgarriagoa izateko lanei ekingo diote. Aldaketa txikiak izango dira eta Urbycolan enpresari esleitu dizkiote 176.046,12 euroan, eta hiru hilabete dituzte lan horiek burutzeko.
Pio XII plaza eta inguruko bideak partzialki berrurbanizatuko dituzte, irisgarritasuna eta itxura orokorra hobetze aldera. Asmoa dute lanekin ere segurtasuna hobetzea argi berriekin eta argiztapena areagotuta. Bide horretan, ikusgaitasuna eragozten duten kaleko altzariak kenduko dituzte, hala nola, piboteak eta jardinerak.
Plazaren izena duen kale bakarrean bidegurutze goratu handi bat sortuko dute, zirkulazioa moteltzeko eta plazara sartzen diren oinezkoak arin eta seguruago ibiltzeko. Bide horretan, Serapio Mujika kalean oinezkoentzako pasabide beheratu bat eraikiko dute, Aureliano Lopez Becerra kalean dagoenarekiko simetrikoa.
Bestelako lanei dagokienean, plazan bertan eta Serapio Mujika eta Aureliano Lopez Becerra kaleetatik gertu dauden tarteetan, zolagain berria jarriko dute eta espaloi zati batzuetan ere esku hartuko dute lauzak berrituta. Eginbeharra daukate obra horiek gainazala indarreko legedira egokitzeko. Horretarako ere egungo harmailak kenduko dituzte eta arrapala bat jarri, barandaduna.
Parterren forma aldatuko dute apur bat, eta itxura orokorra hobetzeko asmoz zintarriak beheratuko dituzte eta baranda kendu. Bertako landare eta zuhaitzek zutik segituko dutela ziurtatu dute.
No hay comentarios:
Publicar un comentario