viernes, 2 de febrero de 2024

Kontsultetarako gune duinak eskatu ditu Osasun Bidasoak

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el viernes día 2 de Febrero de 2024

Kontsultetarako gune duinak eskatu ditu Osasun Bidasoak

26 kontsultetatik 4 kanpoko barrakoietan daude, eta beste 8 behin behinean egokitu dira itxaron geletan eta bainugela edo aldagela zaharretan.

Lapitzeko anbulatorioko barrakoien irudia.

Behin baino gehiagotan salatu izan du Osasun Bidasoak Irun erdiguneko anbulatorioa EAEn paziente gehien dituena dela, 38.500 paziente, hain zuzen ere. Lapitzeko anbulatorioak, gainera, traumatologia, erradiologia, ikuskaritza mediko, odontologia eta gaueko eta jaiegunetako larrialdietarako sorospena eskaintzen die Bidasoko, Ipar Euskal Herriko eta Bortzirietako pazienteei, orotara, 100.000 paziente.

Gaur, Osasun Bidasoak salatu du paziente horiek guztiak artatzeko erdiguneko anbulatorioan osasun arretarako gune duinik ez dagoela eta egoera “gero eta okerrago” dagoela Osasun Bidasoak.

Egun, familiako medikuntzako eta erizaintzako arreta, 22 medikuk eta 23 erizainek ematen dute, baina medikuentzako 14 kontsulta eta erizainentzako 12 kontsulta besterik ez daude. 26 kontsulta horietatik, 4 kanpoko barrakoietan daude, eta beste 8 behin behinean egokitu dira itxaron geletan eta bainugela edo aldagela zaharretan. Izena eman nahi izan ez duen mediku batek ere salatu du korridorean eman izan dituela telefono bidezko kontsultak.

Behin behineko kontsulta 12 kontsultak tamaina txikikoak direla azaldu du plataformak eta ez dutela kalitatezko arreta emateko aukerarik, ezta gurpil aulkien maniobrak egiteko aukerarik ere. Aldi berea, ez dago osasun heziketarako, fisioterapiarako edo erditzea prestatzeko gelarik, eta lau administrazio gune daude soilik, itxaron gela egokirik gabekoak.

Prekarietatea da salatzen dutena: “Hondakin arriskutsuentzako, esterilizaziorako, aldageletako, biltegirako, larrialdietako profesionalen atsedenerako, administrarien eta kontsultarik gabeko profesional sanitarioen lan gelerako eta langileen bilera gelarako espazio gehienak ere badira prekarioak,  behin behinekoak eta gutxieneko kalitate baldintzak betetzen ez dituztenak”.

Dunboako anbulatorioan espazio falta dagoela ere salatu dute. Instalazioaren zati bat eskualdeko osasun publikoko zerbitzuek erabiltzen, eta egitura arkitektonikoak eta inguruko espazioek ez dute kontsulta espazioak zabaltzeko aukerarik ematen.

Ospitalea

Bidasoko Ospitalko ebakuntza gelak berritzeko proiektua oraindik martxan jarri ez izana mahai gaineratu du plataformak. Gogoratu dute Osakidetzak uko egin ziola eraikin erantsi bat egiteari, eta, hala, ezinezkoa da kontsulta guneak zabaltzea.

Osakidetzak planteatu dituen obrek 3 urte iraungo dute eta ospitalearen zatirik berriena eraistea aurreikusita dago, 2011n eraikitakoa. Proiektu proposamen horrekin, gainera, ez dela azalera erabilgarririk irabazten kontsultak eta arreta guneak handitzeko arbuiatu dute.

Izan ere, egun dagoen arazoetako bat da espezialisten kontsultetarako, etxeko ospitalizaziorako eta larrialdietarako arreta guneen falta. “Leku falta horrek ez du uzten itxaron zerrendak murrizten, profesionalek ez baitute paziente gehiago artatzeko kontsultarik”. Itxaron zerrendei erreparatuta, traumatologiakoa 172 egunekoa da eta otorrinolaringologiakoa 133 egunekoa.

Ezinbestekotzat jo dute plan estrategiko bat egitea egungo egoera konpontzeko. Horretarako, hirugarren anbulatorioa galdegin dute Oinaurren, “berehala”, eta eskualdeko ospitalea handitzea nahi dute eraikin erantsi batekin. Segidan, Irun erdialdeko eta Dunboako anbulatorioak birgaitu beharko lirateke. Birgaikuntza horrekin Lapitzeko anbulatorioa handitzea proposatu dute, atzeko patioan 1.500 koadroko eranskina eraikita.

No hay comentarios: