Udalak Irun Hiria musika banda omendu du, 50 urte bete dituelako
Eraikiz Dantza Taldeko dantzariek eta udal txistulariek agurra jo eta dantzatu ondoren, udaleko ordezkariek harrera egin diote bandari.
Irun Hiria Musika Banda Kultur Elkarteak 50 urte bete ditu aurten. Gaur eguerdian, mende erdi horren ospakizunen harira, Irungo Udalak harrera egin dio musika bandari.
Cristina Laborda alkateak eta Nuria Alzaga Kultura zinegotziak, beste hainbat udal ordezkarirekin batera, hartu dute parte harrera instituzionalean.
Ekitaldia hasteko, Eraikiz Dantza Taldeko bi dantzarik Agurra dantzatu diete —udal txistulari bandaren laguntzaz— bertara hurbildu diren bandako kideei. Zuzendaria eta presidentea, Zuzendaritza Batzordeko kideak, ohorezko bazkideak eta berrogei bat kide bertaratu dira ekitaldira.
Esker oneko hitzak
Udaletxeko arkupeetatik areto nagusira igo dira, eta bertan Alzagak hitz batzuk izan ditu bandako kideentzako. Izan ere, bertako musikari eta zuzendari izan zen egun Kultura zinegotzia dena. “Ezin naiz Bandari zuzendu nire familia dela esan gabe. Hamar urte baino gehiagoz izan dudan familia da. Udalean Kulturako zinegotzi gisa harrera egin ahal izatea ez dut inoiz ahaztuko. Jarrai dezagun beste 50 urtez nota ematen“.
Jarraian, bideo bat proiektatu dute, bandaren historiari buruzkoa, bertako kide diren eta izan direnen lekukotzekin.
Bideoa proiektatu ondoren, Lander Mesonero Bandako presidenteak, Udalari, jasotako omenaldia eta babesa eskertu dizkio eta gainera, taldeko musikariak zoriondu nahi izan ditu. “Entseguetan arratsalde asko, kontzertu asko eta une on asko bizi izan ditugu”, adierazi du presidenteak.
Ekitaldia biribiltzeko, Cristina Laborda alkateak hartu du hitza. Gaur eguerdikoa “merezitako omenaldia” izan dela adierazi du, eta eskerrak eman dizkie “oparitutako” guztiagatik, baita etorriko direnengatik ere. “Banda harro egoteko arrazoia delako eta 50 urte ez direlako egunero betetzen”, gaineratu du.
Bukatzeko, San Juan Arria hiriaren ikurra eman dio alkateak bandako kideei, beraien lehenengo 50 urteak ospatzeagatik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario