Parean elkartea: "Belaunaldi berrietan ‘Nik ez dut feminista izan nahi’ bezalako esaldiak entzuten dira oraindik"
Urte luzez emakumeen, etorkinen eta adinekoen ongizatea sustatzeko proiektuak abiatu ondoren, Parean elkarteko kideek ondo ezagutzen dute Bidasoa-Txingudiko egoera soziala
Emakumeen, etorkinen eta adinekoen ongizate erreala proiektu berritzaileen bidez lortzeko asmoarekin sortu zen 2015. urtean Parean elkartea. Hura martxan jarri zuten hiru emakumeak ez ziren zerotik hasi. Ordurako, Miren Lantz, Oihana Llorente eta Ainara Lopezek urte asko zeramatzaten mugimendu feministari lotuta Irungo Bilgune Feministaren bitartez. Harrezkero, eta feminismoa oinarri hartuta, gizartean baztertuta dauden aipatutako beste kolektiboen alde egin nahi izan dute, proiektu ugari martxan jarriz eta zerbitzu desberdinak eskainiz.
Urteetan metatutako esperientziak eskualdeko gizarte-egoerari buruzko ezagutza zabala ematen die Pareaneko kideei. Alde horretatik, eta bertan aurki daitezkeen arazo nagusiez ari garela, iristen diren etorkinen gorakada eta hemen aurkitzen duten muga administratiboa nabarmentzen dituzte.
Egoera horren ondorioz, emakume etorkin asko bizi dira eskualdean, eta beste asko trantsitoan daude. “Kasu hauetan diskriminazio bikoi-tza ematen da askotan, emakume izateagatik hainbat oztopo topatzen dituzte, eta etorkinak izateagatik, are gehiago”, azaldu dute.
“Helburua bertan bizitzea erabaki duten migratutako familien eta bertako familien arteko zubiak eraikitzea da, integrazio prozesuak eman daitezen”
Elkarteko kideek aitortzen dute arlo honetan lan asko dagoela egiteko eta gauza asko hobetzeko. Hala ere, haiek nahiko pozik agertzen dira, azken urteotan errealitate horri lotutako arrakasta izan duten bi proiektu garatu baitituzte. Horietako bat Kaleidoskopioa izenekoa da, Dunboa eskola komunitatearekin abiatutakoa. “Helburua bertan bizitzea erabaki duten migratutako familien eta bertako familien arteko zubiak eraikitzea da, integrazio prozesuak eman daitezen”, diote. Bestalde, Emakumeok Zast! aipatzen dute, emakume etorkinei espazio seguru bat eta kirol ezberdinak probatzeko zein bertako beste emakumeak ezagutzeko aukera eskaintzea helburu duena.“Hilabetean behin topaketa bat egiten dugu, eta eskualdeko kirol klub batera joaten gara, bai emakume migratuak, baita bertakoak ere”.
Genero berdintasuna
Genero berdintasunari dagokionez, Lantzek uste du feminismoak baduela lorpen handi bat neska gazteen ahalduntzeari dagokionez. “Gaur egun beraien eskubideen jakintza handia dute, bai eta diskriminazioak identifika-tzeko gaitasun askoz handiagoa”. Hala ere, eskoletan ematen dituzten lantegietan konturatu dira mutilekin lanketa asko dagoela egiteko nesken ahalduntzearekin alderatuta, eta horrek erreakzio defensibo bat ekarri diela. Horren erakusgarri da belaunaldi berrietan Nik ez dut feminista izan nahi bezalako esaldiak entzuten dituztela, baita pentsamendu horri lotutako jarrerak ere.
Bestalde, arlo honetan, eskualdean Alardearekin aldaketa garai bat bizi dugula uste dute. “Mugimenduak espero ditugu eta zorionez batzuk eman dira dagoeneko. Hondarribian egoera hobeago batean daude konponbide baten bila, baina guretzat sinbolikoa izan den genero gatazka horretan bagaude garai interesgarri baten aurrean”, aitortu dute.
Era berean, Irungo Emakumeen Etxearen irekiera txalotzen dute, baina udalerriko gizarte-zerbitzuek baliabide gehiago beharko lituzketela uste ere. “Adibidez, gizarte langile guztien artean bat bakarrik dago biolentzia matxistan espezializatua. Irun bezalako hiri batean oso gutxi da”.
"Irunen gizarte langile guztien artean bat bakarrik dago biolentzia matxistan espezializatua. Irun bezalako hiri batean hori oso gutxi da"
Udalaz haratago, onartzen dute hirian emakumeen alde lan egiten duten elkarteen sare egoki bat dagoela, bai eta adineko pertsonekin lan egiten dutenena ere. Izan ere, Parean elkarteak berak maiz egin du lan hiriko beste elkarteekin, eta horrek aukera ematen die gizartean zein arazo edo gabezia dauden ezagutzeko, proiektu berriak sor-tzeko helburuarekin.
Aurrekoarekin lotuta, Irun eta Hondarribiko errealitate sozioekonomikoa oso ezberdina dela diote, eta horrek eragina izan duela bi udalerrietako erakunde sozialen arteko harremanean, pandemiaz geroztik hura estutu bada ere.
Auzoen garrantzia
Etorkinei dagokienez, Irungo Harrera Sarea hutsune eta beharrizan zehatz bati erantzun dion herritar sare bat dela adierazi dute, baina haien ustean, pertsona migratuen errealitatea edo pertsona arrazializatuei sostengua emateko eta haien arazoak aldarrikatzeko eta kudeatzeko gabezia handi bat dago, gure eskualdean errealitate hori bizi duten pertsona kopurua ikusita.
Haien egunerokoan ikusten dituzten oztopo eta arazoez gain, Parean elkartean beste aldarrikapen argi bat dute: auzoek betetzen dituzten identitate eta ongitzaterako beharrizanei garrantzia ematea.“Historikoki auzo elkarteek funtzio pila bat bete izan dituzte, indar asko izan dute. Uste dugu aitortza egin behar zaiela ez bakarrik horretan lanean aritu direnei, baizik eta auzo elkarteen aldeko apostua egin behar dela. Irunen aurrera egin nahian dabiltza, eta ezin ditugu hiltzen utzi, baizik eta auzoak indartu behar dira eta horien betiko egiturak sustatu”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario