Lan akordioa berritzea erdietsi dute Alai fabrikan
Langile batzordeak egindako eskakizunak hartu dituzte aintzat eta 2023 eta 2025 urteetarako baliagarria izango da hitzarmen berria.
Alai Extrusion Kimika sektoreko produkzioko langileek lan hitzarmena berritzeko akordioa erdietsi dute grebaren bigarren egunean. 2023-2025 iraupena izango du eta 85 langileri eragingo die.
2022an hasi ziren hitzarmena negoziatzen, baina hitzarmenaren negoziazioa luzatu egin zen eta 2023 urtean ere ezin izan zuten akordioa itxi Joseba Ruiz LABeko ordezkariak azaldu duenez. 2023ko KPI oso altua zela gogoratu du Ruizek eta langileen erosahalmena ezin zutela “inolaz ere galdu” kontutan hartu dute.
Hitzarmenak iraungo dituen urteetan, KPIaren araberako soldata igoerak izango dituzte langileek, lizentzietan hobekuntzak, eta inkorporazio berrientzat baldintza hobeak. Langile batzordeak eskatutako eskaera guztiak onartu ditu zuzendaritzak, LAB eta ELA sindikatuen babesarekin.
Negoziazioa
Negoziazioen hastapenetan KPIa berma zezaten eskatu zuen langile batzordeak, baina enpresak KPIrik ez zuela sekula bermatu gogoratu du Ruizek, eta gaineratu du, momentu jakin batean baja egoeran zeuden langileei enpresak eman behar dien gehigarria kentzeko proposamena ere jaso zutela.
Gehigarria kentzearen ideiak sortutako haserrea kanalizatzen lagundu diola batzordeari azaldu dute, “inolaz ere ez genezan atzerapausorik eman eta KPIak berma zitzaten”. Langile elkartasuna eta borrokak “bide onetik” kanalizatuta “oso emaitza onak” eman dituela agerian geratu dela dio LABeko ordezkariak. ” Etorkizunean ere ondoko enpresetan eta ondoko sektoreetan ere halako egoerak hauspotu dezaketelakoan gaude”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario