Igande honetan trafiko aldaketak, bi lasterketagatik
Bidasoko maratoi erdia eta 10K lasterketak egingo dira asteburuan, trafikoan, taxi zerbitzuan edota aparkalekuetan izango du eragina.
Igande honetan, hilak 25, Bidasoko maratoi erdia eta 10K lasterketan egingo dira Irun eta Hondarribia artean, eta horrek, eragina izango du zirkulazioan. Udaltzaingoak honako jakinarazi duenez, eragina izango du bai errepideetan, tren geltokian, San Juango taxi zerbitzuan, hainbat parkingetan eta kaleko hainbat aparkalekuetan.
Errepideak
08.30etik aurrera, ibilgailuak ezingo dira sartu Urdanibia plazatik Junkal karrikara; 08:45etik aurrera Kolon pasealekua itxita egongo da, Gipuzkoa hiribidearen eta Eliza karrikaren artean, bi noranzkoetan. Itzulbidea, aldiz, zabalik egongo da, 09:15etik aurrera.
12:00etara bitartean gutxi gorabehera, ibilgailuak ezingo dira sartu Kolon pasealekura, Hondarribia kalera, Zubimusu plazatxora eta Letxunborro hiribidera. Itzulbidea lasterkarien beroketa ariketen arabera egongo da zabalik, eta hiri barruko autobusek Zubimusu plazatxotik Gipuzkoa hiribideraino zirkulatu ahalko dute.
09:30etik aurrera ibilgailuak ezingo dira sartu Zubimusu plazatxotik erdialdera; 09:45etik 12:30era bitartean gutxi gorabehera, ibilgailuak ezingo dira sartu Urdanibia plazara eta, Osinbiribil eta Behobia artean, GI-636 errepidera; lineako autobusek bakarrik zirkulatu ahalko dute, Donostiarantz, baina, lasterketa dela-eta, baliteke atzerapenak izatea.
Hilerrira sartzeko, ibilgailuek Osinbiribiletik, GI-636 errepidetik eta Artiga ibilbidetik joan beharko dute –Artiga ibilbidean, txandaka pasatuko dira–.
10:10etik aurrera, itzulbidea zabalik egongo da, baina noranzkoa aldatzeko erreia ezingo da erabili. Kolon pasealekuan, autobusentzako errei bat egokituko da, Jenaro Etxeandia plazatik Iparralde hiribideraino, eta, Iparralde hiribidean, autobusak betiko ibilbidea egiten hasiko dira –azken zatia kontrako noranzkoan egingo dute–. Zubimusu plazatxotik Gipuzkoa hiribideraino, hiri barruko garraiorako errei bat egokituko da, Irungo noranzkoan.
Taxi zerbitzua
San Juan plazako geralekua itxita egongo da. Jose Ramon Agirretxeko geralekuan, taxiak Gipuzkoa hiribidetik sartuko dira, eta, horretarako, Luis Mariano kalea erabiliko dute, kontrako noranzkoan, edo Kolon pasealekuko parkinga. Atera, berriz, Joaquin Gamon kaletik aterako dira, kontrako noranzkoan, eta, gero, Pikoketa karrikatik. Luis Marianoko geralekua, berriz, ezingo da beti bezala erabili; alegia, taxiak ezingo dira joan Gipuzkoa hiribiderantz.
Parkingak
Kolon pasealekuan ibilgailuak Gipuzkoa hiribidetik sartu ahalko dira, eta bidegurutzeetako agenteek Elizatxo hiribideko biribilgunetik ere sartzen utziko diete. Atera, berriz, Jose Ramon Agirretxe eta Joaquin Gamon kaleetatik eta Pikoketa karrikatik atera beharko dute –Joaquín Gamón kaletik, kontrako noranzkoan–.
San Juanekoan, plazako bertako sarrera itxita egongo da 08:45etik 12:00etara bitartean, eta Prudencia Arbide karrikakoa, berriz, ohi moduan erabili ahalko da. Mendibilekoan, sarrera normal erabili ahalko da.
Aparkamendua
09:45etik 12:15era bitartean gutxi gorabehera, Nafarroa hiribidean (beheranzko erreian, Dunboa kaleraino), Santa Elena karrikan, Uztapide Bertsolaria kalean, Altzukaitz kalean eta Pelegrín de Uranzu eta Papinea karriketan aparkatuta dauden ibilgailuak ezingo dira atera tokitik.
Gidariek aipatutako orduetan ibilgailua erabili beharrik duten pentsatu beharko dute, eta, behar badute, aipatutako lekuetatik kanpo aparkatu.
Irunbusen ere aldaketak izango dira linea guztietako ibilbideetan lasterketek iraun bitartean. Horiek guztiak udalaren orrialdean kontsulta daitezke.
No hay comentarios:
Publicar un comentario