miércoles, 28 de febrero de 2024

Kalean da Martxoak 8ari begirako programazioa

Noticia publicada en Bidasoko Hitza ,el miércoles día 28 de Febrero de 2024.


Kalean da Martxoak 8ari begirako programazioa

Aurtengo egitaraua hilabete osokoa da beste urte batez ere. Hiriko elkarte eta elkarte feminista ezberdinak udalarekin batu dira hura osatzeko.

Emakumeen Egunaren bueltan antolatutako jardueren berri eman dute gaur Emakumeen Etxean. Hilabete oso batera luzatuko den egitaraua da aurkeztutakoa eta horretan lanean aritu dira udala eta hiriko emakume elkarte eta elkarte feministak. Aurkezpenean Cristina Laborda alkatea, Nuria Alzaga Berdintasuneko ordezkaria eta elkarteetako bozeramaileak izan dira.

Doako hogei proposamen dira antolatutakoak eta martxoaren 1etik martxoaren 27ra bitarte gauzatuko dira. Programazioaren helburua, programa “erakargarri batez gozatzea” dela azaldu dute, herritar guztiak “berdintasunaren eta emakumearen eskubideen aitorpenaren inguruan hezi eta sentsibilizatzeko”. Egitaraua, “transbertsala” dela diote, udaleko departamentu desberdinak aritu baitira lanean, hala nola, Gazteria eta Kultura, herriko elkarte feministekin.

Labordak dio “indarrak batu” dituztela “berdintasunaren aldeko konpromisoa” azpimarratzeko. “Proposamen horien helburua da emakumea ahalduntzea, haien agerikotasuna sendotzea eta, azken batean, berdintasunaren alde borrokatzea”. Alkateak Emakumeen Etxea ere izan du hizpide urrats sendoak eman direla azaltzerakoan: “Azken urteotan, irunen urrats sendoak egin dira berdintasunaren alde, eta horren erakusgarri da Irungo Emakumeen Etxea. Joan den urrian inauguratu zen, eta, gaur egun, emakumeen artean hausnartzeko, eztabaidatzeko eta hazkunderako gune gisa finkatu da”.

Programa

Martxoaren 8an elkarretaratzea egingo da San Juan plazan, Irungo Udaleko Berdintasun Batzordeak deituta, 12:00etan. Aldarrikapena, Egunero izan beharko litzateke martxoak 8 izango da. Egun horretan ere, eskualdeko manifestazioa egingo da Hondarribitik eta Hendaiatik abiatutako bi zutabetatik hasi, eta Irungo San Juan plazan denak batera bukatzeraino.

Lehenago, baina, martxoaren 7an IX. Asun Casasola Kontakizun Lehiaketaren sari banaketa egingo da, Parean elkartearen eskutik. Kabigorri ateneoan izango da, 19:00etan.

Martxoaren 20an, 17:00etan, eta Argoiak emakume elkarteak antolatuta, mikro antzerki bat eskainiko dute: Eta Juana eroa ez bazegoen, eta Teresa hain santa ez bazen? izenekoa. 

Bidasoaldeko elkarte feministak Ahalduntzeari, autozainketari eta autoezagutzari buruzko tailer bat eskainiko du martxoaren 12an, 17:15ean, Palmera Monteron. 

Uxoa elkarteak hitzaldia eskaini du Manipulazioa eta botere abusuak harremanetan: maitasun iruzurrak sarean izenburua duena. Hitzordu hau martxoaren 4an izango da, 17:00etan, PSE-EEren egoitzan.

Programazioa osorik, lotura honetan.

Zinema feministaren zikloa

Lehen aldiz antolatu dute zinema feministaren zikloa. Lau film dira proiektatuko dituztenak, eta martxoko igande guztietan izango dira emanaldiak. Esti Urresolaren 20.000 especies de abejas filma edota Bertha Gaztelumendi irundarraren Arnasa betean: emakume zinegileak proiektatuko dituzte. Proiekzio guztiak Amaia KZn izango dira eta bertaratzeko gonbidapena lortu behar da Amaia KZ webgunean.

Ziklo hau, udalak eta Irungo Emakumeen Etxea Elkarteak Irungo Emakumeen Etxea elkarrekin kudeatzeko izenpetutako lankidetza hitzarmenaren fruitua da.

No hay comentarios: