Bizi dugun 2024. urtea ez da erraza izan Irungo Euskal Jira antolatzen duen batzordearentzat. Izan ere, otsailaren hasieran erakundeak arazo ekonomikoak zituela iragarri zuen, eta horrek arriskuan jar zezakeela jaiaren edizio berri bat aurrera eramatea. Hala ere, batzordeak egoera konpondu ahal izan zuen azkenean, eta, beraz, abuztuko lehen asteburuan berriz ere Irun euskal tradizioen eta kulturaren inguruko festa handi honen agertoki izango da.

44. edizioa beteko du Euskal Jirak aurten. Beste urte batzuetan gertatu den bezala, jarduerak ostiralean, larunbatean eta igandean egongo dira, hau da, abuztuaren 2, 3 eta 4an.

Zehazki, ostiralean Irungo Atsegiñako erraldoien desfilea egingo da, San Juan plazatik Urdanibia plazara; Urdanibia plazako txosna irekiko da eta bertan, haur-jolasak eta gaztelu puzgarriak izango dira eta kantu-jira bat zein Burrunba Elektrotxarangaren kontzertua egingo dira. 

Larunbata ekitaldiz beteriko egun luzea izango da, eta horietako gehienak Urdanibia plazan egingo dira. Bertan gaztelu puzgarriak egongo dira, eskulanak eta bertako produktuak salduko dira, hiriko auzoetako dantza- eta musika-taldeen zein bertsolarien emanaldia egingo da, gurdi parte-hartzaileen erakusketa burutuko da, etabar. 18.00etan Euskal Jira Mendelu auzotik abiatuko da, honako ibilbidearekin: Hondarribia kalea, Colon ibilbidea, Jenaro Etxeandia, Foruen kalea, kale Nagusia, San Juan, San Martzial eta Urdanibia plaza. 

Aurten, bederatzi gurdi irtengo dira desfilean, hala nola, Euskal Jira, Hendaia, Irungo Euskal Kirolak, Behobia, Meaka, Kemen, Santiago, Landetxa eta Foro XXI.

Behin jira bukatuta, Irun eta Hondarribiko txistulariek eta Irun Hiria Musika Bandak Agur jaunak eta Gernikako Arbola abestiak joko dituzte, Kemen Dantza Taldeak Dantza Jira Erromeria eskainiko du eta Bide Batez taldearen dantzaldia izango da.

Gainera, egun osoan zehar XVI. Irungo Euskal Jira Argazki Lehiaketa burutuko da, Irungo Argazkigintza Elkartearen (AFI) laguntzarekin. Edozeinek parte hartu ahal izango du eta gaia Euskal Jirarekin zerikusia duen edozein ekitaldi izango da. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez lau argazki aurkeztu ahal izango ditu eta hiru sari banatuko dira: 200, 100 eta 50 eurokoak. Programarekin bukatzeko, igande goizean Pentatloi Txapelketa egingo da.

Irungo Euskal Jaiak, ohitura errotua

Historia. Euskal Jirari buruzko lehen datuak 1928koak dira, baina oso litekeena da aurretik ere antolatzea. Gerra zibilaren ondorioz, egiteari utzi zioten, baita gerraostean ere, nahiz eta 1951n eta 1955ean antolatu, Jostallu elkartearen eskutik. Azken urteetan, Euskal Jira urteroko ekitaldia izan da, eta urtero-urtero antolatu da 1979tik aurrera, harik eta 2020 eta 2021eko edizioak bertan behera utzi behar izan ziren arte, COVID 19aren erruz. Hirian guztiz errotuta dago, eta bere musika propioa dauka. Primitivo Azpiazuk konposatu zuen, eta Irun Hiria Musika Bandak jotzen du urtero. Erakusleiho bikaina da euskal kulturaren ezaugarri guztiak ikusteko: folklorea, kirola, gastronomia, dantza, musika eta gainerako xehetasunak. Behinolako bizibidea eta ohiturak irudikatzeko ahalegina egiten du talde bakoitzak bere gurdian. Aurten, 9 gurdi irtengo dira: Euskal Jira, Hendaia, Irungo Euskal Kirolak, Behobia, Meaka, Kemen, Santiago, Landetxa eta Foro XXI.

Erronka handia

Euskal Jiraren aurkezpenean, antolatzaileek aurtengo edizioa aurrera ateratzea erronka handia izan dela adierazi zuten. “Orain dela hilabete batzuk ez genuen oso garbi ikusten ekonomikoki bideragarria izango zen, baina espero dugu aurten eguraldiak laguntzea eta txosnak ematen digun ekarpen ekonomiko hori indartsua eta egokia izatea, festa honek urte asko iraun dezan”.

Bestalde, Euskal Jira antolatzen duen batzordean pertsona gutxi badaudela aipatu bazuten ere, antolatzaileek argi utzi zuten garrantzitsuena egun horretan haien atzean hiri oso bat dagoela dela: “Horregatik jarraitzen dugu Euskal Jira urtero antolatzen, ikusten dugulako egun hau iristen denean kaleak beteta daudela”.



2024ko Irungo Euskal Jiraren aurkezpena

Aldi berean, aurtengoa urte berezia izango dela adierazi zuten. Izan ere, azken hilabeteetan Euskal Jirarekin oso harreman estua zuten bi pertsona hil dira, Manueltxo Querejeta eta Josemari Gelbenzu. “Gu aspalditik gaude Euskal Jira antolatzen, baina bi pertsona hauek bizitza osoa eman dute Euskal Jirarekin eta guretzako horrelako jendea galtzea Jiraren zatitxo garrantzitsu bat galtzea da”, esan zuten. Gauzak horrela, aurtengo jaia “beraientzat” izango dela adierazi zuten, eta betirako bihotzean eramango dituztela aipatu zuten.

Azkenik, antolatzaileek onartu zuten urte askoan ohikoa izan zen herri bazkaria berreskuratu nahiko luketela, baina momentuz horretarako diru nahikorik ez dagoela.

Bukatzeko, Nuria Alzaga Kultura zinegotziak herritarrei dei egin zien, Euskal Jiraren inguruko jarduera guztiez gozatzera gerturatu daitezen. Gainera, festa hau beste leku batzuetan ospatzen bada ere, horietako batean ere ezin direla Irunen dauden gurdiak aurkitu gogoraratu zuen.

Abuztuak 2, Ostirala

17:45. ERRALDOI DESFILEA IRUNGO ATSEGIÑAREN eskutik. Ibilbidea: Urdanibia, Junkal, Erromes plaza , Junkal, Santiago, Bidasoa, Legazpi, Salís ibilbidea, Eskoleta karrika, Fermin Calbetón, Colón, Foru kalea, Kale Nagusia, San Juan plaza, San Martzial kalea, Sargia, Larretxipi, Urdanibia plaza.

19:00 – 20:00. KANTU JIRA- San Juan Plazan eta Urdanibia Plazan

18:00- TXOSNAren irekiera. EDARIAK + TALOAK. Urdanibia Plazan

18:30. HAUR-JOLASAK eta GAZTELU PUZGARRIAK. Urdanibia Plazan

20:30. BURRUNBA ELEKTROTXARANGAren eskutik kontzertua. Urdanibia Plazan

Larunbatak 3, Abuztua

Egun guztia. Argazki lehiaketa Euskal Jira. Irun (Oinarriak)

9:00. Txalaparta. Hiriko hainbat tokitan

11:00. Hainbat taldek musika eta dantza emanaldia. Hiriko auzoetan barrena

10:00. Txosna irekiko dira. Txistorra, sardinak, sagardoa, taloak eta abar dastatzeko aukera izango da. Urdanibia Plazan

10:00. Artisau-lanak eta bertako jakien salmenta. Urdanibia Plazan

11:00. Bertsolariak. Oholtzan saio labur baten ondoren, bertso-triki-poteoan abiatuko dira. Urdanibia Plazan

11:30. Dantzariak eta musikariak oholtzan. Urdanibia Plazan

12:00. Plazako tabernetatik kantuz kantu, “Kantuz Lagunak” taldearen eskutik. Urdanibia Plazan 

12:00-16:00. Parte hatzen duten gurdien erakusketa. Urdanibia Plazan

12:45. Bertsolariak oholtzan: Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi... Urdanibia Plazan

13:15. Dantzariak eta musikariak oholtzan. Urdanibia Plazan

14:00. Desfilean parte hartuko duten musika eta dantza taldeei eskainitako bazkaria. “La Salle”, “Irungo Atsegiña” eta “Irungo Euskal Kirolak” elkartean

17:00-24:00. Txosna irekiko dira. Txistorra, sardinak, sagardoa, taloak eta abar dastatzeko aukera izango da. Urdanibia Plazan

Euskal Jira

18:00etan. Ibilbidea: Mendelu, Hondarribia Kalea, Colon Pasealekua, Genaro Etxeandia plaza, Foru Kalea, Kale Nagusia, San Juan Plaza, San Martzial Kalea eta Urdanibiako Plaza.

19:45. Irungo eta Hondarribiko txistulariek “Irun Hiria” Musika Bandarekin batera emanaldi bat eskainiko dute, eta “Agur Jaunak” eta “Gernikako Arbola” joko dituzte. Urdanibia Plazan

20:30. Kemen dantza taldearen eskutik Dantza Jira Erromeria. Urdanibia Plazan

22:00. Dantzaldia “BIDE BATEZ” taldearekin. Urdanibia Plazan

Abuztuak 4, Igandea

11:30. Gipuzkoako Herri kiroleteko Pentatloi txapelketa. Urdanibia Plazan.