Diru laguntza baten bidez 38 lanpostu sortuko dituzte
Lanpostu gehienek 6 hilabeteko iraupena izango dute. Kontratazioak abenduaren 31 baino lehen egitea aurreikusi dute.
Irungo Udalak enplegua sustatzen jarraitzeko Lanbideren 475.677,42 euroko laguntza bat eskuratu du. Hala iragarri du gaur goizean Nuria Alzaga lehen alkateordeak eta Bidasoa Bizirikeko presidenteak. Alzagaren arabera udalak enplegu “berritzailea” sustatzearen aldeko apustua egiten jarraitzen du, “profil kualifikatuen kontratazioa indartuz”.
Lanbidek bideratutako diru kopurutik 373.441,81 euro Irungo Udalak zuzenean kudeatuko dituen kontratuetara bideratuko dituzte, eta era horretan, 30 udal langile berri kontratatuko dituzte, Bidasoa Bizirikek hiru langile berri hartuko ditu plantillan, eta hirugarren sektorean bost pertsona berrirentzako lanpostuak sortuko dituzte.
Orotara 38 kontratazio berri egingo dituzte. Gehienek 6 hilabeteko kontratua izango dute eta lanaldi osokoak izango dira. Helburua langabeen enpleagarritasuna handitzea da. Kontratu horiek aurten egitea aurreikusi dute, abenduaren 31 baino lehen.
Irungo Udalak hamazazpi administrari laguntzaile (Administrazio, digitalizazio, Katalogazio eta Tramitazio lanetan eta abarretan laguntzeko), lau teknikari (Gizarte Zerbitzuetarako, Kulturarako eta Mugikortasunerako), sei langile (Udaltzaingorako, Kulturarako eta Obra arlorako), kapataz bat (Bide publikoan lanak egiteko), eta bi laguntzaile (Biltegirako) kontratatuko ditu.
Gainontzeko 99.400 euroak udalerriko enpresen kontrataziora bideratuko dituztela iragarri dute. Diru kopuru horrekin gutxienez hamaika kontratazio berri finantzatu ahal izango dira eta horien luzapena 3 eta 6 hilabete artekoak izango dira.
Gazteen kontratazioa
FSE Plus programari esker Lanbidek 107.454,43 euro eman dizkio Irungo Udalari 12 hilabeteko hiru lan postu sortzeko. Kasu honetan, udalak erdi mailako bi teknikari eta administrari bat kontratatuko ditu. Horiek Lanbiden eta Gazte Bermearen Sisteman izena emanda dauden 16 eta 30 urte bitarteko gazteentzako izango dira.
No hay comentarios:
Publicar un comentario