«Antzekotasunak ditugu Irungo kooperatibismoarekin»
Hiru hilabetez Europa bisitatzen ari dira Union Comunerako hiru kideak. Irunen egon ziren pasa den astean eta bertako kooperatibismoarekin erlazioak estutzeko asmoa erakutsi dute.
Irungo Bor-Bor hausnarketa kolektiborako plazari esker Venezuelako Union Comunerako Juantxo Lenzo, Luis Miguel Guerrero eta Oswaldo Hernandez Irunen izan dira, Europan zehar egiten ari diren biraren barruan. Munduko Demokrazia Komunal Sarearen parte dira, eta Irungo proiektu kooperatiboak ezagutu dituzte. Venezuela hauteskunde zikloaren ondoren izeneko hitzaldia eskaini zuten abuztuaren 31n Hazian. Lenzorena da hitza.
Zergatik etorri zarete Euskal Herrira?
Union Comunerako kide garelako etorri gara, Euskal Herriko erakunde desberdinekin harremanak estutzeko. Espainiako Estatuko, Italiako edo Belgikako erakundeekin ere egongo gara. Venezuelako historia eta gertatzen zaiguna eguneratzera gatoz, Venezuelan aurre egin eta bizitzen ari garena azaltzera, eta Union Comuneraren esperientzia partekatzera. Borrokan dauden herrietatik ere elikatzera gatoz. Euskal Herriaren borrokarako ohituraz elikatzera gatoz, eta erlazioak estutzera. Union Comuneraren proiektua zuekin lotzera gatoz. Gure proiektua ez da nazionala, baizik eta internazionalismo iraultzailetik dago planteatuta.
Venezuelaren historiaren pertzepzioa eguneratzearen beharra dago?
Venezuelako dinamika azkarra da, eta egoera etengabe aldatzen ari da. Komunen mugimendua Chavismoaren parte da, Chavismoaren antolatzeko modu bat da, eta hau azkar ari da transformatzen. Aurretik Union Comunerarekin lotzen ari diren erakundeekin lanean aritu gara, eta elkarren artean gure erronkak eta perspektibak orain zein diren eguneratzeko beharra daukagu.
Gaur egun hainbat prozesu ditugu martxan. Nazio mailako kontsulta erraldoi bat egin berri dugu abuztuaren 25ean, Kontsulta Nazional Popularra. Venezuela osoan zehar komunen udalbatzak eta komunak daude, eta Venezuelako herria antolatzeko modu bat da. Beraz, kontsulta honekin erakunde horietako bakoitzak erabaki zuen zein izango den egikarituko duten proiektua. Komunitatean zerk duen lehentasuna erabaki dute, eta zein izango den behar horiei erantzuteko proiektua. Mugimendu komuneroaren oinarri sozial handia mugiarazi zuen horrek. Orain, gure esperientzia ekonomiko produktiboa ere partekatu nahi dugu. Adibidez, Irungo kooperatibismoarekin baditugu antzekotasunak. Esperientzia horien berri izatea interesatzen zaigu, eta gu bisitatzeko brigadak nahi ditugu, Venezuelan garatzen ari garen esperientziak ikusteko.
Hauteskunde zikloaren ondoren egin duzue kontsulta, herritarren parte hartzea atzerritik asko kritikatzen ari den garaian. Zer moduz joan da parte hartzea?
Oso konplexua da kontsulta, eta parte hartze handikoa eta protagonismo altukoa. Protagonismoa da gustatzen zaigun hitza.
Venezuelara itzultzean, zer kontatuko duzue Euskal Herriari buruz?
Euskal Herriarekin konexio sakona daukagu. Orroka partekatu dugu eta lagunak jaso ditugu. Adibidez, Che Guevara izeneko komuna euskaldun batekin batera sortutakoa da, eta euskal erakunde asko gure borrokaren parte izan dira. Borroka berbera dugu, erlazio horiek sakondu nahi ditugu, eta senidetzea indartu nahi dugu. Familian eta etxean sentitzen gara, eta horiek ez dira diplomazia hitzak, egin diguten harrera benetakoa da, sakona, zintzoa eta beroa. Euskal Herriari buruzko ezagutza historiko eta soziala handitu dugu, eta koadro argiago batekin itzuliko gara.
Klase gatazka, mugimendu sozialen antolakuntza, identitate kulturalaren eta hizkuntzaren sustraitzeaz gehiago dakigu. Hizkuntzaren garrantzia ez dugu bereizten Latinoamerikan, denek hizkuntza antzekoa hitz egiten baitugu. Herri batek hizkuntzaren bueltan bere proiektua proiektatzen duela ikustea oso kuriosoa eta garrantzitsua da. Informazio askorekin goaz, erlazioak estututa, proiektuekin eta ideiekin.
Zein egitasmo eta proiektu ezagutu dituzue Irunen?
BDS Koopekoekin elkartu gara, eta laster berri gehiago izango dituzue. Oraingoz, klasifikatutako informazioa da [barrez]. Baina, egun hauetan, Antxeta Irratia ezagutu dugu, eta BDS Koopen, Sorburu baratzean, Izarkomen izan gara, eta Labore eta Larrea ere bisitatu ditugu.
Venezuela hauteskunde zikloaren ondoren hitzaldia eman duzue. Zein helbururekin?
Kuriositatea dago Venezuelan gertatzen ari denari buruz. Guk zuzenean bizi dugu, eta gure ikuspegia elkartrukatu nahi dugu. Proiektu komunalari buruz ere hitz egin nahi dugu, baita egin berri den kontsultari buruz ere. Komunaren proiektuaren berritasunen berri eman nahi dugu, eta iraultza bolibartarrak dituen erronkez eta aurre egin behar dien zoritxar berriez aritu nahi dugu. Venezuelako egunerokoa bizi dugu, kontraesanei aurre egiten diegu, eta iraultza bolibartarren proiektuaren egoera problematikoen gaineko gure iritzia ematea garrantzitsua da elkartasuna erakutsi nahi duten, eta borrokarekin konprometituta dauden beste kideentzat.
No hay comentarios:
Publicar un comentario