jueves, 3 de octubre de 2024

Laborda: "azkenean, gaiaren premiazkotasun eta larritasuna onartu dute"

Noticia publicada en Bidasoko Hitza , el jueves día 3 de Octubre de 2024.

osasungintza

Laborda: "azkenean, gaiaren premiazkotasun eta larritasuna onartu dute"

Alkateak Osasun sailarekin adostutako hitzarmenaren harira, azken urteetako berririk "onenetakoa" izan dela baloratu du. Dagoeneko lanean daudela baieztatu du eta Erdiguneko anbulatorio berriaren kokalekua aztertzen ari dira, besteak beste.

Atzo iragarri zuten Irungo eta Hondarribiko Udaleko alkateek, Osasun Sailburuarekin eskualdearen osasun politiketarako bide-orria sinatu zutela. Cristina Laborda, Irungo alkatearentzat alor honetan azken urteetan lortutako berririk “onenetakoa” izan da eta etorkizunera begirako garaia dela iritzi du. “Hori bai, herritarrei gaia duela hamar urte ebaztea gustatu zitzaien arren”, erantsi du.

Hiriko elkarteen eta talde politikoen lana nabarmendu du segidan, eta atzo arteko bide “luze eta zaila” elkarrekin egin dutela adierazi du. Hala, herritarrek deitutako manifestazioak, udal talde gehienek onartutako mozioak, eskutitzak, bilerak eta beste hamaika neurri hartu izana gogoratu ditu. “Irunen alde borroka egin dugu, nonahi eta nornahirekin, baina lortzen ari gara: irundar erako hitzarmen bat, bai horixe” aitortza egin du.

Labordak alkate kargua hartu zuenetik, osasungintza hobetzea bere lehentasunetako bat izan dela adierazi du, eta “hitzetatik ekintzetara” pasatzeko beharra zegoela uste du. Bide horretan, Osasun Sailak Oinaurreko anbulatorioaren proiektuarekin 2025ean hasteko konpromiso finantzarioa hartzea “oinarrizkotzat” jo du. “Azkenean, gaiaren premiazkotasun eta larritasuna onartu dute” baloratu du.

Aste honetako pausu hau, lehenengo pausoa besterik ez dela izan azaldu du alkateak eta dagoeneko lantalde tekniko bat osatu duela udalak jaurlaritzarekin berretsi du. “Lanean hasi da jadanik” aurreratu du, eta aste honetan, hiriaren erdialdean ibili direla baieztatu du, Erdialdeko anbulatorioa handitzeko aukerak aztertzen.

Oinaurreko anbulatorioaren kasuan, lurzorua Eusko Jaurlaritzari uztea izango dela hurrengo urratsa azaldu du Labordak. Behin proiektua idatzita dagoenean, udalak erietxea eraikitzeko lizentzia eman beharko du.

Bukatzeko, alkateak “pozik” dagoela emandako aurrerapenekin adierazi du, “dudarik gabe albiste ona baitira Irunentzat, baina lanean segitu behar dugu”. Horren harira, asmoak beharrean egitateak galdegin ditu, eta adostasunaren, elkarrizketaren eta konpromiso ekonomikoaren bidetik jarraituta lortuko dutela uste du.

No hay comentarios: