Irungo Udaleko Kultura Arloaren eskutik, ostegun honetan, hilak 12, 'Zure abenturaren bila' programaren barruko bosgarren saioa egingo da. Oraingo honetan, bidaiariak Iñigo Unanue eta Kattalin de Pedro izango dira. Hitzordua 19.30etan izango da, Irungo Amaia KZko hitzaldi aretoan, eta sarrera doakoa eta librea izango da, lekuak bete arte.

Saioa euskaraz izango da, eta 'Ziklo-alpinismoa Bolivian' ikus-entzunezkoa proiektatuko da, non ziklo-turismoa eta alpinismoa konbinatzen diren, 60 bat minutuz. Ondoren, solasaldi bat izango da protagonistekin.

'Ziklo-alpinismoa Bolivian'

Iñigo Unanue eta Kattalin de Pedro urte bete ibili dira bizikletan mundua deskubritzen. Proiekzio honetan, ezagututako ibilbide bakartietan izandako esperientzia partekatuko dute. Egindako bideak Boliviako eta Txileko hiru parke nazional zeharkatzen ditu eta tartean, topo egindako hainbat gailur igotzea izan dute helburu, alportxetan garraiatutako mendi material eta bota pisutsuei erabilera emanez.

Zure abenturaren bila

'Zure abenturaren bila' bidaia programa bat da, non gonbidatuek beren bizipen eta esperientziak eta, azken batean, bidaiatzeko zaletasuna kontatzen dituzten, abenturako irudien laguntzaz betiere. Programaren barruan, askotariko esperientziak kontatu izan dira, hala nola Antartikara egindako espedizioak, planetako mendirik garaienetara eta zailenetara egindakoak eta askoz ere leku hurbilagoetan egindako irteerak.