Ramon Esparza moda diseinatzailearen lana lehen aldiz erakutsiko da
Goi mailako moda diseinatzaile lesakarrak Irunekin eta Balenciagarekin harreman estua eduki zuen. Bihar ireki eta maiatzaren 4ra arte egongo da ikusgai erakusketa Amaia KZn. Inoiz publikatu gabeko lanak bildu dituzte.
Ramon Esparza Viela (Lesaka, 1923-1997) moda diseinatzaile lesakarraren lana lehen aldiz ikusteko aukera egongo da Amaia KZn, Ramon Esparza. Bidasora itzultzea erakusketari esker. Bihar zabalduko ditu ateak erakusketak eta maiatzaren 4ra arte egongo da zabalik. Tartean, bisita gidatuak eta Phantom thread pelikularen proiekzioak eskainiko dituzte. [Datak, bukaeran]
Pedro Usabiagak egin du komisario lana eta erakusketaren haria Bidasoa ibaia izango da. Izan ere, bere oso lagun estua zen Cristobal Balenciaga goi mailako moda diseinatzaile getariarrarekin batera Irunen egiten zuen bizitza Esparzak. Hainbat arrazoi daude biek Irunekin erlazioa edukitzeko. Batetik, lesakarrak Irungo modista Gracieuse Bonnecaze edota Fagoaga ahizpak bezala ezagunak zirenekin du lotura zuzena.
1920. hamarkadan Kolon pasealekuan zuen tailerra Bonnecazek eta 150 modistei ematen zien lana eta Irungo ekonomiarentzat oso garrantzitsua izan zen tailer hura. Hain zuzen, Bonnecazeren semeak Balenciagarentzat egiten zuen lan Paristik eramandako oihalak ematen frankismo garaian. Oihal horiek Balenciagak Parisen, Donostian, Madrilen eta Bartzelonan zituen lantegietan erabiltzen zituzten. Gogoratu beharra dago Balenciagaren lanak Euskal Herrian saltzerakoan Eisa markarekin publikatzen zituela, bere amaren Eizagirre abizenari erreferentzia eginez.
Balenciaga 1972. urtean zendu zen eta Esparzak diseinatzaile getariarraren lana eta izena zabaltzen aritu zen ordutik, erakusketen bidez. Erakusketa ezagunena New Yorken izan zuen Balenciagaren mundua izenekoa eta Esparza izan zen kudeatzaile nagusia. Garai horretan ere, Esparzak bere ibilbideko lan esanguratsuenetariko bat zuzendu zuen 1973 eta 1974 denboraldirako: Coco Channelentzat goi mailako joskintzako Fumeé izeneko kosmetika lerro frantsesa. Parisen dagoeneko sona handia zuen Esparza, Balenciagarentzat lan egiten hasi zelako 1940. hamarkadan eta honen konfiantzazko laguna bilakatu zelako Balenciaga zendu arte.
Erakusketa hau hiru zatitan bereizi du Usabiaga komisarioak: Irun eta modistak; Balenciaga, Esparza eta Paris; eta Bidasoa erreferentziazko artisten begiradatik. Azken zatiari begira jarrita, bai Esparzak eta bai Balenciagak Irungo Porcelanas Bidasoan erosten zuten, esate baterako. Irun eta modistak nola ziren garai horretan ikusteko aukera dago erakusketa honetan. Bidasoa ibaia eskualdeko artista erreferentzialek irudikatuta ere jaso du Usabiaga komisarioak, Menchu Galen bidez, adibidez.
Esparzaren hiru pieza jarri dituzte ere, 100 urte baino gehiago dituztenak. Lehen aldiz egongo dira ikusgai 1920. urtean Irungo modistek sortu zituztenetik. “Moda, historia, Bidasoa, Lesaka, Irun, modistak jaso ditugu. Esan daiteke jostorratzarekin eta hariarekin aritu garela lanean erakusketa hau sortzeko” azaldu du Usabiaga komisarioak.
Bisita gidatuak
Hiru bisita gidatu antolatu ditu Irungo Udalak eta horietarako izena emateko Kultura departamentuari idatzi behar zaio. Behin eskaera eginda, konfirmazioa jaso beharko du interesa duenak. Honako hauek dira egunak:
- Hilaren 28an, ostirala, 19:00etan.
- Martxoaren 15ean, larunbata, 18:00etan.
- Apirilaren 13an, igandea, 12:00etan.
- Phantom thread proiekzioa, martxoaren 21ean, 19:00etan. Prezioa, 5,50 euro.
- Filmarekin erakusketaren komisarioaren aurkezpena egingo dute zinema moda materialei buruz.
No hay comentarios:
Publicar un comentario