E78 autobus linearen ordutegiak igandetik ostegunera luzatuko dituzte
Irun eta Hondarribiaren arteko autobus zerbitzua 00:30ak arte luzatuko dute, orduerdiko maiztasunarekin; hilaren 17an martxan jarriko dute.
Irungo eta Hondarribiko ostalariek hala eskatuta, Irun eta Hondarribia lotzen dituen E78 autobus linearen ordutegiak luzatuko dituzte. Horrela, igandetik ostegunera 00:30era arte luzatuko dute, ordu erdiko maiztasunarekin. Ordutegiaren luzapena hilaren 17an martxan jarriko dute. Irungo noranzkoan 23:15ean, 23:45ean eta 00:15ean izango dira azken irteerak; eta Hondarribiko noranzkoan, berriz, 23.30ean, 00:00etan eta 00:30ean izango dira.
Ordutegi luzapenaren berri emateko Azahara Dominguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua, Cristina Laborda alkatearekin izan da. “Orain arte aukera nahikorik ez zegoen ordutegietan, eta bi herrien arteko mugikortasuna erraztuko dugu. Ostalaritza sektoreko langileek helarazitako behar bati erantzuna eman nahi diogu, orain arte ez baitzuten alternatiba publikorik lanaldia amaitu ondoren etxera bueltatzeko”, azaldu du Dominguezek.
Garraio publikoa herritarren beharretara egokitzea eta “etengabe berrikustea” da gaur egungo betebehar nagusia haren ustez: “Zerbitzuaren zabalpen honekin, pertsona guztiek lanpostura iritsi eta handik itzultzeko aukera izango dute egunero garraio publikoan”. Ildo beretik, Labordak irundarrentzat oso albiste ona dela aipatu du: “Herritarrek itzultzeko aukera gehiago izango dituzte, garraio publikoaren ordutegi-mugek ez dute hainbeste baldintzatuko”.


No hay comentarios:
Publicar un comentario