Hiruak Bat dirulaguntzen 2026ko deialdia abiarazi dute
Mugaz gaindiko proiektuei zuzendutako deialdia abiaraziko dute lankidetza, trukea eta kohesioa sustatzen jarraitzeko.
Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako udalek Hiruak Bat dirulaguntzen deialdia ireki dute, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bidez. Laguntza hauei esker mugaz gaindiko proiektuen arteko lankidetza, trukea eta kohesioa sustatuko dute. Deialdia ekainaren 28ra arte zabalik egongo da, eta hainbat arlotako proiektuak aurkeztu ahalko dira. Hala nola, turismoa, kultura, ondarea, eleaniaztasuna, gazteria, kirola, hezkuntza, ingurumena, mugikortasuna edo gizarte-ongizatea. Betiere, lurraldearen elkar ezagutza, parte-hartze bateratua eta integrazio soziala eta kulturala sustatzen badituzte.
Deialdian hiru udalerrietako bizilagunek parte hartu dezakete. Proiektuek hiru hiriak barne hartu beharko dituzte, eta hiru hizkuntza ofizialak bermatu beharko dituzte (euskara, gaztelania eta frantsesa), baita erakunde publiko, pribatu edo elkarteen arteko lankidetza sustatu. 20.000 euroko aurrekontu osoa izango du, eta dirulaguntzek proiektuaren %90era arte estali dezakete. Dirulaguntzak urtebeteko iraupena izango du, gehienez.
Hautaketa egiteko mugaz gaindiko lankidetza, erakundeen eta boluntariotzaren parte-hartzea, gizarte-eragina, komunikazio-planaren kalitatea edo aurrekontuaren koherentzia baloratuko dituzte. Proiektuek gutxieneko puntuazioa lortu beharko dute dirulaguntza eskuratu ahal izateko.
Eskaerak deialdia ofizialki argitaratu eta bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dituzte, webgunearen bitartez edo partzuergoaren bulegoaren bitartez. Eskaera egiteko proiektuaren memoria, aurrekontua eta eskatzailearen administrazio-informazioa aurkeztu beharko dute.


No hay comentarios:
Publicar un comentario