lunes, 15 de junio de 2026

"Bidasoko herritarrok merezi duguna baino gutxiago jasotzen ari gara"

Noticia publicada en Bidasoko HITZA, el lunes día 15 de Junio de 2026.

"Bidasoko herritarrok merezi duguna baino gutxiago jasotzen ari gara"

3.000 herritar inguru bildu dira Zabaltza plazan, eta enegarrenez Bidasoa ospitaleko gabeziak eta zerbitzu falta salatu dituzte.

Irun eta Hondarribiko herritarrak “nekatuta” daude Bidasoa ospitaleak bizi duen egoeragatik. Larunbatean, hilak 13, Osasun Bidasoa plataformak deituta, elkarretaratzea egin zuten Zabaltza plazan, eta plaza txiki bihurtu zuten bertaratutako 3.000 herritar inguruk. “Gaur hemen gaude nahikoa dela esateko”, oihukatu zuten beste behin ere herritarrek. 

Elkarretaratzearen bezperan, Osasun Bidasoak “domino efektua” bizitzen ari dela adierazi zuten, “ez dira arazo isolatuak, bata bestearen atzetik datozen arazoak dira”. Urtebete pasa da Bidasoa ospitaleko pediatria larrialdiak itxi zutenetik, eta berriki Irungo Erdialdeko Etengabeko Arreta Guneko (EAG) profesionalek ere bertako larrialdi zerbitzua kolapsatzeko arriskuan dagoela azaldu zuten. 

“Duela urtebete pasatxo plaza honetan bertan elkartu ginen pediatriako larrialdiak berriz irekitzeko, haur eta gazteen psikiatriako kontsulta berreskuratzeko eta osasun publikoaren narriadura salatzeko.
Egun hartan ia 12.000 lagun bildu ginen, Bidasoa eskualdean gogoratzen den mobilizaziorik handienetako batean”.

Egoerak ez du aurrerapausorik izan, baizik eta okerrera egin du, eta hala izaten jarraitzen du. “Ordutegiak zabaltzea eta pediatra gehiago egongo zirela iragarri zuten, baina promesa horiek ez dira bete, eta sei hilabete baino gehiagoz anbulatorioak ia pediatrarik gabe egon dira”. Herritar asko baztertuta daudela sentitzen dute, eta beste eskualdera joatera pentsatzen ari direla azaldu dute. Bidasoarrek ez dute onartuko bertan jaso beharko luketen larrialdi-arreta jasotzeko Donostira joan behar izatea.

Arazoak ez dira hor amaitzen, eta larrialdi zerbitzuaren gabeziak aparte, itxaron zerrendak gero eta handiagoak dira. “Osasun mentaleko arreta ere ez da nahikoa: profesional gutxiegi daude eta instalazioek ez dituzte gutxieneko konfidentzialtasun-baldintzak betetzen. Hori dela eta, herritarrak eskualdetik kanpoko zentro pribatuetara bidaltzen dituzte”. 

“Bidasoko herritarrok merezi duguna baino gutxiago jasotzen ari gara”, izan zen elkarretaratzearen mezu nagusia. Azken urtean hartutako erabakiek eskualdeko osasun publikoa ahultzen dutela azaldu du Osasun Bidasoak. Irunen, bertan, bai Bidasoa Ospitalean eta Irungo PACean larrialdi zerbitzu “sendoak” eskatu dituzte. “Gertuko eta kalitatezko arreta nahi dugu, ez dugu aparteko ezer eskatzen. Gure eskubidea da, eta hori lortu arte mobilizatzen jarraituko dugu”. 

No hay comentarios: