viernes, 19 de junio de 2026

"Ekitaldia xumea izan arren, jendetza biltzen da"

Noticia publicada en Bidasoko HITZA, el viernes día 19 de Junio de 2026.

Sanmartzialak
Dani Hernandez - Haziako kidea

"Ekitaldia xumea izan arren, jendetza biltzen da"

San Juan Egunaren bezperarekin batera hasten dira sanmartzialak. San Juan plazan egiten duten ekitaldi ofizialaz aparte, Moskun, espetxearen erreketa antolatzen dute urtero, 21:45ean hasita.

Espetxearen erreketaren ekitaldian zer aldarrikatzen duzue? 

Konponbidea eta preso guztiak etxean nahi ditugula aldarrikatzeko modua da, elkartasun keinu gisa. Aspaldidanik, San Juan bezperan egiten dugun ekitaldia da. Irungo ezker abertzalearen bueltan gaudenok antolatzen dugu, presoen senideekin eta lagunekin batera. Egun horretan ohikoa da suak egitea, eta suak gauza txarrak uxatzen ditu. 

Azkenaldian aurrerapausoak eman dira, baina argi dugu preso guztiak etxean izan arte jarraituko dugula. Herriko txalapartariek eta Kemen Dantza Taldeko dantzariek parte hartzen dute; eta ondoren, irakurketa laburra egiten dugu konponbidea, etxeratzea eta elkartasuna aldarrikatzeko. Jaien hasiera goxoa da. Honen bitartez, ohe hutsak irudikatu nahi ditugu. Ekitaldia xumea izan arren, jendetza biltzen da. Berezia da, ez baita beste herrietan egiten.

Sarek berriki adierazi du ekitaldi masiboak bukatu nahi dituela. Aurtengoa azkena izango al da?

Gaur-gaurkoz bi euskal preso irundar ditugu, eta Euskal Herrian 95 daude. Azkena izan daiteke, ez dakigu. Hausnartu behar dugu Irungo egoera zein den. Sarek argi eta garbi adierazi zuen ekitaldi masiboak amaitu nahi dituela, baina azken presoa askatu arte Sare hor izango da eta lanean jarraituko du. Guk ere berdin jarraituko dugu, baina ezin dugu esan 23koa azken espetxe erretzea zango denik. Modu batean edo bestean egoera politikora egokitzen jarraituko dugu, eta presoen eskubideen defentsan lanean jarraituko dugu.

Zein egoeratan daude Irungo presoak?

Iratxe Sorzabal eta Fermin Vila Fermo Martuteneko eta Zaballako (Araba) espetxeetan daude, hurrenez hurren. Azken urteetan aurrerapausoak izan arren, oraindik ere preso jarraitzen dute eta baldintzapeko askatasuna lortzeko tamalez urteak geratzen zaizkie biei.

No hay comentarios: