Jaialdi erromatarraren prozesioko izen ematea, irekita
Dies Oiassonis jaialdi erromatarraren baitan, 'Navigium Isidis' prozesioa egingo dute uztailaren 18an, larunbatarekin, 19:00etan.
Aurreko astean, Dies Oiassonis jaialdi erromatarraren edizio berria aurkeztu zuten. Aurtengoa 26. edizioa izango da, eta uztailaren 15tik 19ra egingo dute Irunen. Uztailaren 18an, larunbatarekin, urtero legez Navigium Isidis prozesioaren emanaldia egingo dute 19:00etan hasita, eta dagoeneko bertan parte hartzeko izen ematea ireki dute.
Navigium Isidis Isis jainkosari eskainitako prozesioa da. Honen bitartez, nabigazio denboraldia ofizialki inauguratzen zuten Antzinako Erroman. Isis marinelen eta itsasoko bidaien babesa izan zen, eta hura ospatzeko prozesioa egiten zuten. Emanaldian Recreacion Historica Oiasso elkarteko kideek talde jolasak eta erromatar janzkerarekin iraganera egiteko bidaia egingo dute.
Interesa duten pertsonek 943 63 93 53 telefonora deitu beharko dute edota Oiasso museora bertaratu. Informazio gehiago nahi izatekotan, museoko webgunean eta sare sozialetan informazioa eguneratuko dute. Bestalde, ostiral honetan, hilak 19, Oiasso museoan aurtengo nobedadeak azaltzeko bilera bat egingo dute.


No hay comentarios:
Publicar un comentario