2026-2027 ikasturterako haurtxokoek 336 plaza eskainiko dituzte
Izena emateko epea irekita dago, eta hilaren 14ra bitarte zabalduko da; aurtengo berritasuna Emigrazio eraikineko haurtxoko berria izango da.
Hiriko haurtxokoak urrian irekiko dituzte ateak. Aurten, 336 plaza eskainiko dituzte hiriko bost haurtxokoetan. Horrela beste ikasturte batez, 4 urtetik 11 urtera bitarteko haurrek tailerrak eta bestelako jarduerak egiteko aukera izango dute, astelehenetik larunbatera. Jarduera hauen bitartez haurren abilezia sozialak, kulturalak eta artistikoak landuko dituzte. Izena emateko epea irekita dago, eta hilaren 9ra arte aukera edukiko dute kurtsoan zehar egingo diren jardueratan parte hartzeko. Bi modu edukiko dituzte izena emateko: HAZ bulegoetan edota udal webgunean.
Aurtengo berritasuna San Migel auzoko haurtxokoa izango da. Orain arte Rantxoan egiten ziren jarduerak Emigrazio zentrora lekualdatu dituzte. Bide batez, udalak adierazi du espazio seguruagoa, atsegina eta abegikorra izango dela lekualdatzearen eta birgaitzearen ondorioz. Haurtxoko honetan, hamabost plaza eskainiko dituzte txanda bakoitzeko; eta beste lautan (Erdialdea, Palmera Montero, Lapitze eta Katea), 24 plaza txanda bakoitzeko. Adinaren araberako txandak izango dira, 4 urtetik 8 urtera eta 9 urtetik 11 urtera.
“Espazio hauen helburua da, gainera, haur bakoitzak sentitzea norbait duela ondoan, den hori izan daitekeela eta konfiantzazko ingurune bat edukitzea parte hartzeko eta gozatzeko”, adierazi du Sandra Caballerok, Hezkuntza eta Gazteriako ordezkariak. Horrez gain, haurtxokoak auzotik eta auzotarrengandik gertu egotea beharrezkoa dela nabarmendu du, “belaunaldien arteko zubiak eraikitzeko eta haurrei beren inguruko errealitatea erakusteko”.
Larunbat honetan, hilak 5, haurtxokoek eskaintzen duten zerbitzua ezagutarazteko festa antolatuko dute, 11:00etatik 13:00etara. Zabaltza plazan, DJ Mikeltxin ariko da plaza girotzen haurrak jarduerak egin bitartean; Kateako haurtxokoan, puzgarriak eta egurrezko jolasak prestatuko dituzte. Festaz gain, haurtxokoek ate irekien jardunaldiak prestatuko dituzte ostegun eta ostiral honetan, 10:00etatik 12:00etara; eta astelehenean, hilak 7, 16:30etik 18:30era.


No hay comentarios:
Publicar un comentario