Bidasoa-Txingudiko badia bizikletaz ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte
Datorren irailaren 19an eta 20an izango dira eta Bidasoako eta Txingudiko Partzuergoak antolatu ditu. Parte hartzea doakoa da eta bisitariek badiako "ondare historikoa eta naturala" ezagutuko dituzte bizikletaz. 12 urtetik goragokoentzat zuzenduta dago.
Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak bizikletaz egiteko bi bisita gidatu antolatu ditu, datozen irailaren 19rako eta irailaren 20rako. Bidasoaren eta Txingudiren arteko badian barrena ibiliz, herritarrek Irun, Hondarribia eta Hendaiako Badiaren “ondare historikoa eta naturala” ezagutuko dituzte, ezohiko modu batera.
2026ko Mugikortasunaren Europako Astearen harira antolatu ditu bisitak partzuergoak. Ekimenak tokiko ingurunea ezagutarazi nahi du mugikortasun jasangarria eta aire zabaleko jarduera uztartuta. Horrela, bisitariek badiaren inguruan dauden natura, historia eta kultura txoko nagusietako batzuk ezagutzeko aukera izango dute.
Bi ibilbide ezberdin
Bi bisitak ordu eta leku berean hasiko dira, Irun eta Hendaiaren arteko Santiago zubitik 10:30ean. Halere, egun bakoitzean ibilbide ezberdinak egingo dituzte. Irailaren 19ko bisita Irungo Plaiaundiko parke ekologikotik igaroko da eta Hondarribiko hirigune historikotik barrena ibiliko da. Irailaren 20koa, berriz, Irungo Faisaien Uhartetik pasako da Hendaiako gotorleku zaharrera eta portura joateko. Ibilbideak euskaraz, gaztelaniaz edo frantsesez egiteko aukera egongo da, eta bi egunetan parte hartzea ere posible izango da.
Ibilaldiak doakoak dira, baina aldez aurretik izena eman behar da, tokiak mugatuak baitira, gehienez hamabi laguneko taldeak dira. Izena emateko partzuergoaren webgunean egin daiteke, eta irekita dago bisitaren bezperara arte. Bestalde, norberak bere bizikletarekin joan beharko du, eta parte hartzeko gutxieneko adina hamabi urte dira; adin txikikoak heldu batekin joan beharko dira.


No hay comentarios:
Publicar un comentario