Bidasoa ibaia ikertu, eta herriaren memoria bildu
Irungo Udalak X. Ribera Azoka antolatu du, irailaren 16tik 19ra. Askotariko arte erakusketak egin dira CBA Zentroan, eta bihar Bidaso ibaian bertan aurkeztuko dituzte aurtengo bekaren irabazleak.
Bederatzi kilometro egiten ditu Bidasoa ibaiak Irundik igarotzerakoan, Txingudi badian itsasoratzen den arte. Kilometro horietako bakoitzean historia bat gordetzen da, bitxikeria bat, memoria bat. Hori da Ribera Azokaren iturburua hain zuzen, Irungo historia eta paisaiarekin lotutako lanez bitartez ibaiaren garrantzia azpimarratzea. Jendeak ikerketak proposatu eta urtero bi beka ematen ditu udalak aukeratuek ikerketa egin dezaten, eta urtebeteren ostean, herritarrei aurkezten zaie lana. Horrela egin du bidea orain arte Azokak, hamar urteotan poliki-poliki, ibai baten antzera, zirrikitu guztiak bereganatuz.
“Hasierako ideia eta esentzia mantendu da, baina bekei esker eguneratzen joan da. Apustu interesgarria izan zen bere garaian, Irungo historia eta paisaia aprobetxatzeko helburuarekin egin genuelako”, gogoratu du Nuria Alzaga Irungo Kultura ordezkariak. Harro esan du “oso erantzun ona” jaso dutela, bai parte hartzaileengandik bai herritarrengandik: “Gero eta gehiagok parte hartzen dute, eta CBA irekitzeak lagundu egin du herritarrak jardueretara bertaratzeko eta Azokaren nondik norakoak azaltzeko”.
Jarduerez beteriko lau eguneko azoka da. Asteazkenean, irailaren 16an, hasi zen eta bihar amaituko da, irailaren 19an.Egunotan CBA Kultura eta Sorkuntza Zentroa izan da Riberaren epizentroa; Nagore Legarretak ontzi birziklatuekin argazki kamerak egiten erakutsi du, eta Olvido Foresek, berriz, dantza emanaldia egin du 1936ko gerrako testigantzetatik abiatuta. Bihar, baina, ibaian bertan izango dira ekintzak.
Izan ere, bihar da Ribera Azokaren egun handia, beken irabazleek proiektuak azalduko dituztelako. Aurten zazpi lan aurkeztu dituzte. “Bekak dira Riberaren funtsa, haiek ematen diote norabidea edizio bakoitzari”, esan du Alzagak. Aurten Francisco Marise eta Eider Rodriguezek egindako Kafe kikara batean eta Jon Abril eta Asier Gogortzak egindako Bidasoa Toponimia ttikia lanek eskuratu dute beka. Azken bikote hori beratarra da eta ibaia bera du ikergai: “Aztertzen dabiltza zergatik deitzen diogun Bidasoa ibaia eta zer lotura duen jendearekin”.
Era berean, bestelako ekintzak ere egingo dituzte goizean zehar. 10:00etan mahai ingurua egingo dute, Ixi Garciak gidatuta, hamar urteetako ibilbidearen inguruan hausnartzeko; 11:30ean Udane Juaristi artistak egindako murala aurkeztuko dute; eta 13:30ean, berriz, Idoia Lizeagak astean zehar egindako instalazioak erakutsiko ditu.
“Espero dugu iaz ireki genuen CBA topagune bilakatzea herritarrentzat, eta horrela, jende gehiagok ezagutzea Ribera. Horrelako apustuak zailak izaten dira, baina merezi dute, kalitate handiko lan handia dagoelako atzean”, adierazi du kultura ordezkariak. Etorkizunera begira jarrita, orain arte egindako bide berean jarraituko dutela aurreikusi du, egin beharreko aldaketak eginez, baina “esentzia” mantenduta, “hori baita funtzionatu duena”.


No hay comentarios:
Publicar un comentario