«Internazionalista hauek ahaztuenetatik ahaztuenak izan dira beti»
'Euzkadiko borrokalarietako bat naiz' liburua ondu du bikoteak. 1936ko gerran Gipuzkoan izandako boluntario internazionalistak ikertu dituzte, eta 180 aurkitu dituzte artxibo historikoak miatuz.
Udan, 1936an, piztu zen gerra, estatu kolpe batek bultzaturik. Gipuzkoan ez zuten arrakasta izan kolpistek, beraz, pixkanaka lurraldea okupatzen hasi ziren. Haien aurrean, errepublikarrek aurre egin zieten. Lubakiak, metrailadoreak, kaosa, suntsiketak… Ez ziren aste errazak izan 1936ko uda hartakoak. Euskaldun gudariak bertan izan ziren, baina nazioarteko laguntza ere izan zuten. Atzerritar horiek dira Aitzol Arroyo historialari hondarribiarrak eta Aitor Azurki kazetari donostiarrak ikertu dituztenak. Europatik, eta baten bat Amerikatik, Euskal Herrira faxisten aurka borrokatzera iritsi ziren internazionalista horien 180 izen aurkitu dituzte, eta orain, ikerketa hori liburu bihurtu.
Zer da zehazki internazionalista bat?
AITOR AZURKI: Hainbat duda eduki genituen hasieran, ez genekien-eta zein izen eman borrokalari atzerritar hauei. Nazioarteko Brigadak Albaceten sortu ziren, borrokalari hauek Euskal Herrira iritsi ondoren, beraz, ezin genituen brigadistak deitu. Horregatik, guk internazionalistak deitu ditugu. Azken finean hona haien ideia politikoek bultzaturik iritsi ziren. Hori denek adierazi zuten, bai komunistak, sozialistak, anarkistak edota antifaxistak izan arren.
Zer aurkituko du irakurleak liburuan?
AZURKI: Alde batetik, errelato bat. Hau da, 180 borrokalari horiek non ibili ziren, nola etorri ziren, non borrokatu zuten edota non zauritu edo hil ziren. Kronologikoki antolatutako errelatoa da, eta azkenik azaltzen dugu ondoren nora joan ziren. Ahalik eta informazio zehatzena biltzen saiatu gara, eta ez gara 1936ko gerrako orokortasunean erori. Gai honen inguruan idatzi dugu, gai hau jorratu dugu. Bukaeran, 180 borrokalarien profilak agertzen dira, izen eta abizenekin, haien jaioterriekin, haien militantziaren historiekin… Uste dugu horrek etorkizuneko ikerketak egiteko balioko duela.
AITZOL ARROYO: Bukaeran preso trukaketekin gertatutakoa azaldu dugu. Okupazioa emandakoan, internazionalistek zein paper eduki zuten aztertu dugu, hau da, batzuk txanpon moduan erabili zituzten, beste preso batzuengatik trukatzeko xedearekin. Etorbidea zubian uzten zituzten, eta Hendaian bertan geratzen ziren. Amaitzeko, Irungo kontzentrazio esparruan egondako 500 atzerritar baino gehiago identifikatu ditugu. Zergatik atzerritarrak eta ez internazionalistak? Topatu dugu atzerritar horien artean izan zirela hainbat kolpistekin borroka egin zutenak.
Boluntarioki iritsitako jendea izan zen? Edo norbaitek behartu zituen hona etortzera?
ARROYO: Hortik dator ere boluntario hitza. Guk beti eduki dugu buruan hona etortzen zen jendea gaztea, ameslaria, iraultzailea edota idealista zela, baina errealitatearen zati handiena ez zen hala izan. Erbestean zegoen jendea izan zen gehienbat, Italiatik, Alemaniatik eta Poloniatik ihesi zeuden pertsonak. Frantzian eta Belgikan biltzen ziren gehienbat. Gehienek ezagutza militarra zuten, zerbitzu militarra egina zuten, eta horrez gain, baziren ere Lehen Mundu Gerrako beteranoak. Gazte ameslariak ziren, bai, baina gutxiengo bat ziren ameslari horiek.

AZURKI: Aurkitu ditugun gehienak komunistak ziren. Haien dokumentazioa ondo gorde da, eta sakon betetzen zuten profil hori. Ziur gaude 180 baino gehiago izan zirela, baina hori da topatu duguna. 90 urte pasa dira, eta dokumentazio asko desagerrarazi egin zuten. Egun oso kaotikoak izan ziren hasieran. Inork ez zuen espero estatu kolpea, eta ez zen antolatzeko denbora askorik egon.
Marcelo Usabiagak bere garaian kontatu zigun nola Irunen, Puntxan, lehen lerro hartan, hainbat eta hainbat atzerritar zeuden alde errepublikanoan. Herritar xumeak, trenbideetako langileak, dinamitero asturiarrak… Jende aniztasun handia izan zen borroka hartan. Internazionalistak iritsi eta zuzenean lehen lerroan jartzen ziren.
Aurkitu dituzuela diozue. Non?
ARROYO: Artxiboei dagokienez, modu ezberdinetan klasifika ditzakegu. Alde batetik, Salamancako artxiboa, errepublika garaian garatutako dokumentuak biltzen dituenak. Artxibo horrek dokumentazio oso baliotsua eskaintzen digu. Baina han ez ezik, Frantziako artxibo nazionalean; Belgikakoan; Herbehereetakoan; eta bereziki, Errusiakoan, Moskun dagoen RGASPI artxiboa [Gizarte eta Politika Historiaren Errusiako Estatu Artxiboa] jaso dugu dokumentazioa. Internazional komunistei buruzko dokumentazioa bertan dago gehienbat. Gure iturri nagusietakoa izan da Errusiakoa. Inskripzio fitxak, gerra parteak, militanteen biografia, alderdi komunistako kideen deskribapenak, zaurituei emandako justifikanteak… denetarik aurkitu dugu bertan.
Artxiboei buruz hitz egiterakoan, askori datorkie burura liburutegian sartu eta milaka dokumentu irakurtzen dituen pertsonaren irudia. Hori gaur egun ere horrela al da?
AZURKI: Ez, ez da horrela. Salamancako artxiboa azken finean biltegi bat da, kolpistek hartzen zituzten hirietan bildutako dokumentazioarena. Kaxatan antolatuta dago, eta zu kaxak eskatzen joan behar zara. Noski, mugak daude, eta dena ez dago primeran ordenatuta. Askotan esan dugu abentura baten modukoa izan dela. Dena fisikoan dago, noski, eta askotan eskuak belzturik amaitzen duzu, dokumentuak ere garaikoak dira eta.
Nazioarteko artxiboak ere denak fisikoak dira? Ez dago digitalizaturik?
ARROYO: Denetarik dago. Frantzian eta Belgikan, adibidez, dena fisikoan dago. Bai badagoela digitalizatua kaxa bakoitzean zer dagoen esaten duen informazioa. Errusian, adibidez, badago karpeta bat interbrigadas izenekoa, milioitik gorako dokumenturekin, eta hori bai ia osoki digitalizatuta dagoela. Badira ere, noski, klasifikatutako karpetak, ikusi ezin ditugunak.
Salamancan hainbatetan izan zarete. Halere, seguru aski informazio asko utzi duzue bertan, ezta?
ARROYO: Atzean utzi baino, beste arrazoiak badira. Bagenekien bazegoela kaxa bat, Gipuzkoako internazionalistei buruzkoa, eta ireki genuenean, txartel bat aurkitu genuen. Txartel horretan jartzen zuen bertako zuzendariak informazio hori Madrilera eraman zuela, duela hainbat hamarkada. Hori, adibidez, galdutzat eman dugu, saiatu gara hainbat lekutan bilatzen, baina ezinezkoa izan da.
2018an hasi zineten izen bilketa honekin. Zerk bultzatu zuen grina hori?
AZURKI: Miguel Usabiagak Pikoketako fusilatuen inguruko eleberri bat idatzi zuen, eta bertan, gai honi buruz zertxobait ikertu zuen. Eleberri bat da, baina ikerketan aurkitutako benetako pertsona batzuk aipatzen ditu bertan. Horrek niri zerbait piztu zidan, eta aditzera eman zigun hor bazegoela esparru bat oraindik ez zegoela ikertua. Horrela hasi ginen, beste ikerketa baten bitartean hainbat izen atera genituelako, eta nik Aitzoli [Arroyo] esan niolako izen horiek badaezpada gordetzeko. Ondoren pandemia iritsi zen eta dena utzi genuen alde batera. 2023an bigarren eskuko liburu bat erosi nuen, Estoucharen [Esther Zilberberg] bizitzari buruzkoa, bere semeak idatzitakoa, eta hor ikusi nuen berriro ere gai honi heldu behar geniola.
Etorbidea zubian egin dugu hitzordua. Zer nolako garrantzia izan zuen puntu honek garai hartan?
AZURKI: Denok dakigu Bidasoan zer nolako garrantzia izan zuen zubi honek 1936ko gerra hartan. Hemendik atera ziren ihesean haurrak, emakumeak eta adinekoak. Baina hori alde batera utziz, hau izan zen atzerriko jendea sartzeko biderik ohikoena. Irtetekoa ere, noski. Badaude testigantza batzuk irteera hori kontatzen dutenak, eta erabat bortitzak, baina heroikoak dira. Adibidez, Hans Hutmacherrek idatzi zuen pasarte bat badugu. Bertan kontatzen du nola zubia pasatzeko faxistei kontra egin zieten bertan zen metrailadore bat baliatuz. Hainbat zauritu izan ziren borroka hartan, bera barne, eta azkenean frantsesek arrastaka sartu zituzten Hendaiara.
Beraz, Bidasoa, eta zehazki Irun, izan zen haien puntu nagusia, ezta?
AZURKI: Hori da. Haiek hona sartu zirenean, lehenik eta behin instrukzio militarra egin zuten bertakoekin. Lubakiak egiten ere ibili ziren. Askok armak ekarri zituzten haien jaioterritik, eta horiek montatu eta berehala frontera eraman zituzten.
ARROYO: Gipuzkoa osotik ibili ziren, baina nukleo handiena Irun izan zen. Guk aurkitutako 180 horietatik 155 Irungo frontean izan ziren borrokan. Optimistenek diote 3000 borrokalari inguru izan zirela hemen alde errepublikanoan, beraz, 3000tik 155 ez da zenbaki txikia. %5a izan ziren, eta hori kolpe batean iristea, aste gutxitan, indar handia izan zen errepublikanoentzat.
Gipuzkoara murriztu duzue zuen ikerketa. Baduzue mugak zabaltzeko asmoa?
ARROYO: Gipuzkoan jarri dugu jomuga guretzat gertueneko gauza delako, eta ongi ezagutzen dugulako Gipuzkoako gara hartako gaia. Gipuzkoako Foru Aldundiarei esker, eta zehazki Ion Gambrari esker egindako ikerketa da gainera. Topatu ditugu Gipuzkoatik kanpo aritu ziren internazionalistak, baina guk liburuan soilik gure lurraldean ibilitakoak gehitu ditugu. Badira kasuak Bizkaian dokumentatu ditugunak, baina horiek ezin izan ditugunez Gipuzkoan kokatu, ez ditugu bertan jarri. Hori ez ezik, 1936ko uztaila baino lehenago etorritako atzerritarrak ere ez ditugu gehitu, azken finean horiek ez baitziren etorri estatu kolpeari erantzun eginez.
180 identifikatu dituzue Gipuzkoa barnean. Baina zenbat itzuli ziren etxera?
ARROYO: Zehazki ez dakigu. Badakiguna da Gipuzkoan 14 hil eta 27 zauritu zituztela. Horrez gain, haietatik 100 inguru Nazioarteko Brigadetan egon ziren ondoren. 100 horietatik 59 Madrilgo frontean egon ziren, eta han sei hil eta hamar inguru zauritu ziren. Hori da dakiguna. Haien herrialdeetara itzultzea lortu zutenek ondoren Bigarren Mundu Gerra jasan zuten, eta batzuk nazien kontzentrazio esparruetan amaitu zuten.
Esther Zilberberg Estoucha izan zen 180 horietatik borrokalari esanguratsuena, ezagunena.
AZURKI: Hala da. 1936ko abuztuaren 11n iritsi zen Irunera, bere lagun Abram Gostinskyrekin, bera bezala judutarra, poloniarra eta komunista. Biak medikuntza ikasleak ziren, eta 20 urte pasatxo zituzten. Botika bilketa bat egin zuten kanpoan, eta hemen egin zuten lehenengo gauza botika horiek banatzea izan zen. Hasiera hartan ere Estouchari metrailadore bat erabiltzea tokatu zitzaion, bera sanitarioa izan arren, fronteko borrokalari bat hil zutelako eta arma hutsik geratu zelako. Oso adierazgarria da hori, erregistratuak soilik bi emakume atzerritar baitaude gerra hartan armak hartu zituztenak, eta Estoucha da haietako bat. Villarrealeko borrokan bertan izan zen, eta han zauritu zuten. Durangoko bonbardaketan ere egon zen. Hainbat herritan izan zen bere lana egiten, eta azkenean Bilbon amaitu zuen, emakumez osaturiko egunkari batean erreportari moduan. Bizitza luzea izan zuen, eta Frantzian bizi izan zen Bigarren Mundu Gerran kontzentrazio esparru batean egon ostean.
Obsesio puntu bat badauka geroz eta izen gehiago lortzeak?
ARROYO: Ez dakit obsesio hitza erabili, baina bada historialarien xedea horrelako gaietan sakontzea. Azken urteetan Whatsapp elkarrizketa asko izan ditugu Aitorrek [Azurki] eta biok, argazkiak eta dokumentuak bidaliz, beste bat topatu dut edota begira ze argazki aurkitu dudan esanez. Azken finean hau ez da gure lana, hobby moduan ikusten dugu, eta droga puntu bat baduela esango genuke. Askotan, goizeko ordu biak arte geratu izan gara artxiboak begiratzen, eta bai, harrapatzen gaitu.
AZURKI: Militantzia modu bat da, edo horrela ulertzen dugu guk behintzat. Herria egiteko modua da, dudarik gabe. Herria ez da soilik gaurkotasunetik egiten, iraganetik baita ere. Justizia egiteko ere balio du lanketa honek, merezi dute eta. Aitzolek askotan dio hauek ahaztuenetatik ahaztuenak direla, askotan gudarietan eta gure inguruko jendean jartzen dugu-eta begirada, baina hauek Europa zeharkatu zuten gure lurrak defendatzeko.
Haiek egindakoari balioa emateko ardura sentitzen al duzue?
AZURKI: Ardura bai, baina ohorea ere bai.
ARROYO: Justizia poetiko hori bada, eta haiek emandako guztia pixkanaka itzultzeko nahia. Balioa eman behar diogu internazionalistek egindakoari. Modu altruista batean etorri ziren gure lurrak defendatzera, eta hor badugu zor bat. Zor hori kitatzeko beste pauso bat bada liburu hau, baina baita Estoucharen liburua euskarara itzultzea edo hari buruz garatzen ari garen dokumentala ere.


No hay comentarios:
Publicar un comentario