viernes, 25 de septiembre de 2026

Urtarriletik aurrera turistek tarifa turistikoa ordaindu beharko dute

Noticia publicada en Bidasoko HITZA, el viernes día 25 de Septiembre de 2026.

Urtarriletik aurrera turistek tarifa turistikoa ordaindu beharko dute

Egonaldi Turistikoen gaineko Zerga onartu dute osoko bilkuran, EAJk, EH Bilduk, PSOEk eta Elkarrekin Podemos-eko Thania Pazosek baietz bozkatu ostean. Besteak beste, etxebizitza turistikoetan geratzen direnek 6,5 euroko tarifa ordaindu beharko dute.

Irungo Udalak ostiral goizean, hilak 25ean, egin duen osoko bilkuran onartutzat eman du Egonaldi Turistikoen gaineko Zerga, eta hortaz, 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera hirian geratzen diren bisitariek aparteko tasa bat ordaindu beharko dute. Etxebizitza turistikoetan geratzen direnek ordaindu beharko dute tasarik altuena, 6,5 euro gaueko.

Nuria Alzaga Ogasuneko ordezkariak azaldu du proposamena. Adierazi du orain arte Irun  “erdibideko” hiria izan dela turismoari dagokionez, eta hori aldatzearren aldeko agertu da: “Ostalaritza, merkataritza, historia eta kultura duen hiria gara. Irundik igarotzen dena gelditzea eta hiria ezagutzea nahi dugu”. Beti ere ñabardura batzuekin. “Identitatea errespetatu eta kalitatezko turismo jasangarria izan dadila, eta hortik tasa ezartzearen arrazoia”.

Datorren urteko urtarrilean ezarriko da indarrean Gipuzkoako Foru Aldundiaren Egonaldi Turistikoen gaineko Zerga. “Irungo Udalak ez du erabakitzen aplikatuko den ala ez, baina bai erabaki dezake nola egingo den”, argitu du Alzagak. Proposamenean zehaztu bezala, turismo-ostatuko kategoria bakoitzerako araudian aurreikusitako gutxieneko tarifak aplikatuko dira, eta etxebizitza turistikoen kasuan, berriz, gehienezko tasa, 6,5 euro pertsona eta gau bakoitzeko. “Turismoa nahi dugu, baina baita etxebizitzak ere. Etxebizitzak eskuratzeko zailtasunak dituen hiri batean, ezin dugu beste aldera begiratu”.

David Nuño Elkarrekin Podemos-eko ordezkaria izan da lehena hitz egiten. Proposamenaren aurkako jarrera agertu du: “Lehendabizi, finkatu dezagun gure turismoa, sortu dezala mugimendu gehiago gure merkataritzarako. Gero erabakiko dugu zer-nolako ekarpen fiskala egin behar duen gurera datorrenak”. Tentsioa izan da jarraian hitz egin duen alderdi bereko Thania Pazos ordezkariarekin, proposamenaren alde agertu baita: “Sinesten dugu Irunek turismorako gaitasuna duela eta turismoa zaindu behar dela, baina baita herritarrak ere. Horregatik, zerga honek herriarentzat onurak ekarriko dituela uste dugu”. Gogoratzekoa da aste honetan jakinarazi dutela Nuño kargugabetu duela alderdiak.

Bestalde, PP abstenitu egin da. Popularren ordezkari Iñigo Manriquek, aitortu duen arren proposamena “zentzuzkoa” dela, iritzi egin du “motz” gelditu dela udala “gutxienekoaren gainetik %33 eta %44ko igoerak ezartzean”. EAJk eta EH Bilduk ez dute hitza hartu.

Horrela, alderdiek hitz egin ostean, bozketa egin dute. PSOE, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-eko Thania Pazos ordazkariak baietz bozkatu dute; David Nuñok ezezkoa bozkatu du; eta PP, berriz, abstenitu egin da. Horiek horrela, proposamena onartu da.

No hay comentarios: