Munstroari atzaparrak geldiarazteko
Eragile antifaxistek urriaren 2an mobilizatzeko deia egin dute, egun bererako 'Colaboración ciudadana' taldeak deitutako "mobilizazio arrazista eta faxistaren" aurrean. Aldarrikatu dute Irun harrera hiria dela eta "migratzaile guztiak direla ongietorriak".
Datorren urriaren 2an mobilizatzeko deia egin du ‘Colaboración ciudadana’ Irungo bizilagunen taldeak, Por una ciudad cuidada y segura lelopean. Iaz egin zen ezaguna taldea, hirian zehar gauetan patruila lanak egiten ibiltzen baitziren, “segurtasunaren” izenean. Ordea, hiriko talde antifaxistek ohartarazi zuten izaera arrazista eta faxistako taldeak zirela, eta migratzaileak zituztela jomugan.
Urriaren 2rako antolatu duten mobilizazioaren aurrean, hiriko talde antifaxistek mobilizazioa antolatu dute egun bererako, 17:45ean, Alberto Anguera plazatik, Ez nahastu etsaiz, Irunen arrazakeriari eta faxismoari ez! lelopean. “Irun harrera herria da eta ateak zabalik ditu beste herrialdeetako migratzaileentzat”, aldarrikatu dute antifaxistek bart, hilak 24, Alberto Anguera plazan egindako prentsaurrekoan.
“2021eko irailean migratzaileen aurkako ehiza; 2024ko neguan neonazien erasoak Lakaxitako eta Moskuko gaztetxean eta 2026ko maiatzean desokupazio enpresa faxistak Dunboa auzoan”. Azken urteetan Irunen izandako oldarraldi erreakzionarioaren adibide batzuk dira, baina gehiago ere izendatu dituzte agerraldian, tartean, “hiri patruilak”.
Salatu dute segurtasunaren izenean jokatu arren, “maskara” bat dutela, eta funtsean, izaera faxista dutela: “Migratzaileak deshumanizatzen dituzte, haien aurkako zein kale egoeran daudenen aurkako indarkeria sustatzen dute, eta eskuin muturreko alderdien eta alderdi faxisten aldeko mezuak zabaldu”. Hiriarentzat “mehatxu politikoa” direla salatu dute, arrazakeria eta gorrotoa zabaltzen dutelako eta “ustezko segurtasunaren” izenean, “eskuin muturrarentzat mesedegarria” den giroa elikatzen dutelako.
“Segurtasunagatik”
Antifaxistek azpimarratu dute “segurtasun ezarena” azken urteetan askotan errepikatu izan den argudioa dela eta “argudio partziala” dela. “Kontzeptu partziala eta selektiboa da. Delinkuentzia aspalditik deitu zaio kapitalismoak eragiten duen pobreziaren eta miseria egoeraren sintomei eta ez, ordea, esaterako, migratzaileen esplotazio kasuei”.
Salatu dute segurtasun falta ez dutela migratzaileek sortzen, baizik eta langabeziak, inflazioak, etxegabetzeek, indarkeria matxistak, LGTBI+ kolektiboaren aurkako erasoek, beste askoren artean. Horregatik, datorren urriaren 2an egingo duten mobilizazioarekin bat egin eta ‘Hiriko patruilak’ taldeek antolatutako martxari aurre egiteko aldarrikatu dute: “Erakutsi dezagun arrazakeria eta faxismoa ez direla ongi etorriak”.


No hay comentarios:
Publicar un comentario