lunes, 21 de septiembre de 2026

Munduko hizkuntza komunitate gutxituen nazioarteko kongresua egingo dute Ficoban

Noticia publicada en Bidasoko HITZA, el lunes día 21 de Septiembre de 2026.

Munduko hizkuntza komunitate gutxituen nazioarteko kongresua egingo dute Ficoban

Bihar egitasmoak antolatuta, munduko 35 komunitate desberdinetako 45 akademiko eta aktibista bilduko dira irailaren 24an eta irailaren 25ean, tartean, euskaldunak, galesak, kurduak edota maoriak.

Kongresuaren aurkezpena Hendaian, orain aste batzuk.BIHAR

Munduko hizkuntza gutxituak ikertu eta horiek biziberritzeko asmoarekin sortu zen Bihar egitasmoa orain bost urte. Munduko 70 hizkuntza komunitateren inguruko narrazio elementuak bildu ditu eta Euskal Herriko askotariko eragileekin partekatu ditu emaitzak, hizkuntzen biziberritzearen inguruko kontakizun eta diskurtsoak aztertzeko.

Bi urteko lanaren ostean, iritsi da unea emaitzak partekatzeko. Irailaren 23tik 26ra Bilbon, Irunen eta Hendaian egingo duten nazioarteko kongresuan egingo dute, Hizkuntzetatik jalgitzen ari den mundua lelopean. Munduko 35 hizkuntza komunitateetako 45 solaskide bilduko dira jardunaldian, izan akademikoak, izan gizarte aktibistak edota artistak. 

Europatik euskaldunak, katalanak eta galesak bertaratuko dira, besteak beste; Afrikatik khoikhoi eta amazig komunitateak; Asiatik, kurduak eta torwaliak; Ozeaniatik, maoriak eta aborigenak; eta Ameriketatik, kitxuak, maputxeak, Haitiko kreoleradunak eta Kanadako innuak.

Bihar egitasmoa euskalgintzaren arloko lau eragilek osatzen dute: Garabide elkarteak, Plazara diziplinarteko kolektiboak, Soziolinguistika Klusterrak eta Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak. Halaber, erakunde askoren babesa du kongresuak: Eusko Jaurlaritzako Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Euskarabidea, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko eta Beasaingo udalek eta Euskal Kultur Erakundeak.

Egitarau anitza

Irailaren 23an Bilboko Euskalduna Jauregian aurkezpen ekitaldia egin ostean, bi eguneko jardunaldia egingo dute Irungo Ficoba aretoan, eta irailaren 26an Hendaian amaituko dute kongresua. 

Diskurtso kulturalak, ezagutza komunitarioa eta beste askotariko arloen inguruan hausnartuko dute Ficoban, eta hirugarren egunean desfilea egingo dute Hendaiara. Ibilbidean XVII. mendeko militante okzitaniar Joan Petit omenduko dute. Bihar kongresuaren webgunean ikusi daiteke egitarau osoa, baita izena eman ere.

No hay comentarios: