Oñaurre parkeko eta Belaskoenea eskolako bidegorria egingo dute
Udalak hiriko bidegorriak hobezteko eta sarea handitzeko kanpaina aurkeztu du; datozen hilabeteetan hainbat puntutan egingo dituzte obrak.
Irungo Udalak hiriko bidegorriak hobetzeko eta txirrindularitza sarea handitzeko kanpaina aurkeztu du. Obrak hiriko hainbat puntutan egingo dituzte datozen hilabeteotan: Oñaurre parkean, Belaskoenea ikastetxean eta Dolores Salis kalean. Oñaurren izan dira gaur goizean Gorka Alvarez, Obra, Mantentze Lan eta Azpiegituretako ordezkaria, eta Sergio Javier, Mugikortasun Jasangarriko ordezkaria. Lanek 200.000 euroko aurrekontua izango dute, eta bost hilabeteko exekuzio-epean.
Oñaurre parkeak hiriko bidegorri sarearekin lotura zuzena izango du. Arrabatenea kalean amaitzen den bidegorriak parkeko sarrerara arte luzatuko dute, 165 metro bidea egingo dute. Horrela, Piketazaharra kaleko 28. eta 30. atarietatik joango da bidegorri berria parkeko sarreraraino. Gainera, parkean oinezkoen eta txirrindularien artean arazorik ez egoteko, txirrindentzako aparkaleku bat eraikiko dute.
Bestalde, Belaskoenea ikastetxeko ikasleek zein irakasleek eskolara bidegorrian joateko aukera izango dute aurrerantzean. Elizatxo hiribidetik datorren bidegorriari segida emango diote. Bidegorri berriak Olagizon kalea eta Auzolan kaleko bidegurutzea lotuko ditu, ikastetxeko sarreraraino heltzeko. Gaur egun, eremu horrek ez du bidegorririk. “Bidegorrien sarea ikastetxetara hurbiltzea eta gazteen artean txirrindaren erabilera sustatzea da asmoa”, adierazi dute agerraldian.
Azkenik, Dunboako kanalaren ondoan paraleloki doan Dolores Salis kaleko bidegorria asfaltatuko dute. Guztira, 330 metro berrituko dute, eta dauden zuloak berrasfaltatuko dituzte.
Bidegorrien trazadurak hobetzea
“Jarduketa horiek, puntualak direla dirudien arren, Irungo txirrindularitza sarea osatzen eta hobetzen laguntzen digute. Izan ere, hautemandako zenbait beharri erantzuna ematen diete, eta bizikletazko joan-etorriak errazten eta seguruago bihurtzen dituzte”, adierazi du Alvarezek.
“Argi dago Irunen mugikortasun jasangarri, eraginkor eta errealaren alde egiten jarraitzen dugula. Aspaldi ekin genion bide honi, eta oso ondo erakusten ditu gure balioak”, gehitu du Javierrek.


No hay comentarios:
Publicar un comentario