sábado, 26 de septiembre de 2026

Podemosek argitu du David Nuño ez dela alderdiaren ordezkaria

Noticia publicada en Bidasoko HITZA, el sábado día 26 de Septiembre de 2026.

Podemosek argitu du David Nuño ez dela alderdiaren ordezkaria

Ostiraleko osoko bilkuran hitza hartu zuela eta, nabarmendu dute Nuñoren hitzak ez direla Irungo Ahal Dugu taldearenak.

David Nuño, artxiboko irudi batean.

Irungo Podemos Ahal Duguk prentsa ohar bidez argitu duenaren arabera, David Nuño ez da alderdiaren ordezkari gisa arituko “ofizialki udal taldearen bozeramaile izaten jarraitzen duen arren”.

Alderdi moreak nabarmendu duenez, Nuño alderditik bota izana ofiziala da duela egun batzuetatik, eta diote Espainiar Estatuko zuzendaritzak berretsi egin duela kanporatze hori Madrildik.

Ildo horretatik, honakoa diote: “Nahiz eta ofizialki udal taldearen bozeramaile gisa agertu, eta ostiraleko osoko bilkuran hitza hartu zuen arren, ezin dira inola ere egotzi Podemosek aspalditik Irungo Udalean defendatzen duen ildoari”.

Bide horretan, jakinarazi dute Podemosek “beharrezko dokumentazioa” erregistratu duela udalean “kanporatzeak erakunde mailak ondorioak izan ditzan”. Hartara, “Nuño atxiki gabeko zinegotzi izatera igaro beharko litzateke”.

“Ez du Podemos ordezkatzen”
Esandakoez gain, gehitu dute Nuñoren aurka hasitako espedientea kanporatzearekin ebatzi zenetik, taldeko bozeramaileak ez duela Podemos ordezkatzen, ezta koalizioa osatzen duten alderdietako bat ere. “Deigarria da zinegotzi akta Podemoseko kide izateari esker lortu  izana, eta behin bere alderditik bota dutenean, eserlekuari horrela eutsi nahi izatea”. Hori horrela, alderdi moreak uste du “zintzoena” dela Nuñok bere zinegotzi akta entregatzea.

Finean, Irungo Ahal Duguk “funtsezkotzat” jo du zinegotzia jada alderdikoa ez dela argitzea, eta “ordezkari publikoa denez, osoko bilkuran hitz egiteko eskubidea erabiltzen duela, besterik gabe. Bere hitzak ez dira Irungo Ahal Dugurenak”.

Azkenik, aipatutako alderdiak “espero” du egoera “erakunde mailan ezarritako bideetatik konpondu ahal izatea”. Kanporatzea, diote, ez dela “barne gatazka politiko hutsa”, alderdiaren estatutuak eta arauak “modu larrian” eta behin eta berriz ez betetzea baizik.

No hay comentarios: