1.096 eguneko "infernua"; hiru urte Palestinaren aurkako genozidioa hasi zenetik
Gernika-Palestinak Herri Ekimenak deituta, elkarretaratzea egin dute San Juan plazan Israel Palestinan egiten ari den genozidioa gaitzesteko.
Hiru urte dira Israelek Palestinako herriaren aurkako erasoak indartu eta genozidioa abiatu zuenetik, Hamasek 2023ko urriaren 7an egindako erasoaren ostean. Ordutik, gutxienez 75.000 pertsona hil dira, milaka eta milaka zauritu dira eta suntsituta geratu dira eraikin gehienak bonbardaketen ondorioz. Genozidioa salatzeko, Gernika-Palestina Herri Ekimenak elkarretaratzeak antolatu ditu bart arratsalderako Euskal Herriko herrietan, tartean, Irun. “1.096 eguneko infernua Gazan, eta egun larri horietako bakoitza, bere 1.096 gaur are itogarriagoekin”, salatu dute Irungo San Juan plazan bildutako dozenaka lagunek.
Elkarretaratzean Palestinatik jasotako testigantza bat irakurri dute. Idatziak argi salatzen du Palestinaren aurkako genozidioak bere horretan jarraitzen duela: “Estatu juduak genozidioa amaitu dela sinestarazi nahi dio munduari, baina Gazako herritarrek oso ondo dakite genozidioak aurrera jarraitzen duela”. Orain urtebete su etena irakur bazitekeen ere albisteetan, elkarretaratzean azpimarratu dute “su eten tranpa” izan zela. “Sadu diguten “bakeak” Palestinako biztanleria lehen zuen lurraldearen %40an pilatuta mantentzen du. Beste %60ak armada hebrearraren eskuetan jarraitzen du”.
Irungo udaletxetik gaitzetsi egin dute saldutako “bakea”, nabarmenduz bonbardaketen ondorioz etxebizitzak hondatuta geratu direla, eta palestinarrak bertan “harrapatuta”. Izan ere, azaldu dutenez, palestinarrak euren etxeetan ezkutatzen jarraitzen dute, horiek arriskutsuak izan arren, bonbardaketetatik babesteko. “Saldutako bakeak” gehiago duela heriotzatik salatu dute, eta adierazi haur gazatarrak “gosearen beldur” izatera iritsi direla. “Janari platerra jasotzen dutenean beren kanpadendetara eraman, gorde eta zera galdetzen dute: “Bihar ere izango al da jatekorik?”.


No hay comentarios:
Publicar un comentario