jueves, 29 de octubre de 2026

Gau Beltza, urtetik urtera ilunago eta indartsuago

Noticia publicada en Bidasoko HITZA, el jueves día 29 de Octubre de 2026.

Gau Beltza, urtetik urtera ilunago eta indartsuago

Hondarribian eta Irunen Gau Beltzaren testuinguruaren araberako jarduera eta ekitaldiak egingo dituzte etzi (hilak 31, larunbata).

Herri guztietan sustraitzen ari da Gau Beltza. Kanpotik etorritako jarraibideak albora utzi, Euskal Herriko herri eta batez ere baserri kulturan zen horri espazioa eman, eta Oarsoaldeko herrietan nahiz Hondarribian eta Irunen heriotzaren, izuen, eta horiei aurre egiteko ideien eremuak irabazi ditu Domu Santu egunaren bezperako ospakizunak.

Batez ere haurrei begirako egitarauak mamitu dira herri guztietan larunbat ilunabarrerako. Ondoko koadroan daude HITZAk bildu ahal izan dituen egitarauak.

Oarso Bidasoan Gau Beltzaren kale izaerako ospakizunak lehenengoz, era antolatu eta egituratuan, Oiartzunen egin ziren 2014an. 2019an, berriz, Errenteriako Kalabazaren Bideari ekin zion Orereta Ikastolak, eta haien segidan iritsi ziren era zabalean eta herrietako eragileen ekimenez landutako Lezoko eta Pasaiako lau barrutietako Gau Beltzak. Irunen azken urteetan, apurka bada ere, ari dira euskal festarekin bat egiten.

Hondarribian Gau Beltzaren lanketa berezia egin da aurten. Herritarrek eta herriko askotariko eragileek Hondarribiko Udalaren bultzada jaso dute Gau Beltzaren ereduaren berri izan dezaten, eta ospakizun horren esanahia, izaera eta oinarriak ezagutzeko hainbat prestaketa-tailer antolatu dira urrian zehar (beste herrietan ere antzerakoak egin dira). Gainera, larunbateko egitaraua ere elkarlanean antolatu dute, beraz, esan daiteke Hondarribian aurten inoiz baino indartsuago iritsi dela bertako baserrietan ere bizi zen egunaren mezu eta esanahia. 

HITZAk herrietako eragileen bidez bilduko ditu Gau Beltzaren bueltan larunbatean egingo dituzten jarduerak, eta astelehenean argitaratuko ditu horiek. Inork bere irudiak HITZAn argitaratzea nahi balu, bidali ditzala herri bakoitzari dagokion helbide elektronikora [irun@hitza.eus, hondarribia@hitza.eus].

• Hondarribia. 16:30ean, Jostaldin, ipuinak; 17:00etan, Muliaten, Izuaren Ibilbidea, mozorro lehiaketa, eta txokolatada; 19:30ean, Baluartetik, Izuaren Ibilbidea; 19:45ean, Gipuzkoa plazan, musika, dantza, gaztaina jatea eta Beldurrak sutara .

• Irun. 20:00etan, Arbesko errotatik, Santiagoko Deabruen desfilea Zabaltza plazaraino. Urdanibia auzoan: 12:00etan, tailerrak; 16:30, 17:20, 18:05 eta 19:20an, Gauaren sekretua ikuskizuna haurrentzat; 17:00etan, Saria edo ziria jarduera. Erdialdeko auzo elkartean: 18:00etan, Gau beltza ipuina, askaria, eta DJ Iñigo. 

• Errenteria-Orereta. 19:00etan, San Klara kaletik, Kalabazaren Bidea; ondoren, Agirre Lehendakariaren plazan, Izuen eltzean jarduera.

• Lezo. 19:00etan, Gurutze Santuaren plazatik kalejira eta Sutargiren eta Murixkaren saioak; 20:00etan, gaztaina banaketa; 20:30ean eta 21:15ean, Atzekoaten, Orratx!-en saioak.

• Oiartzun. 19:30ean, Done Eztebe plazatik hasiko da Gau Beltzaren kalejira. Han bukatuko da, eta beldurrak erretzeko tartea izango da.

• Pasaia. San Pedron: 16:30ean, frontoian, mozorroen prestaketa; 17:30ean, Xanduli manduli altxorraren bila; 18:30ean, plazan, Aleka antzerki taldea; ondoren, Ertitik hilerrirako bidea, gaztaina jatea, eta Lamiak-en eta sorginen dantzaldia; 20:30ean, plazatik, Ibilbide beldurgarria. Donibanen: 17:00etan, Bixi-Bixin, aurpegi margoketa; 18:30etik, Meipitik, gozokien bilketa eta kalejira; 20:00etan, plazan, zezensuzkoa; ondoren, Kultur Aterpean, festa. Antxon: 17:00etan, Biteri plazan, tailerrak, beldurren bilketa eta txokolatada; 18:45ean, Biteritik, kalejira.

No hay comentarios: