"Gure gazteek badakite"
Txingudi HLHI eta Toki Alai HLHIko ikasleek kontsumo arduratsu eta jasangarri baten garrantzia landu dute.
Gure gazteek badakite kanpaina abiatu du Irungo Udalak. Sentsibilizazio kanpaina da, eta helburu nagusia da herritarrei adieraztea zer garrantzitsua den jasangarritasun-irizpideak txertatzea eguneroko kontsumo erabakietan, fokua gazteengan jarrita batik bat. Txingudi HLHI eta Toki Alai HLHIko ikasleek kontsumo arduratsu eta jasangarri baten garrantzia landu dute horren barruan.
Kanpainaren iturburua Irungo zazpi ikastetxetako ia 3.000 ikasleek aurreko ikasturtean 2030 Eskola Agenda programaren barruan egindako lana da. Ikasgeletan hausnartu eta landu zuten ekoizpen eta kontsumo arduratsuaren gaia (garapen jasangarriaren 12. helburua) eta, gainera, hiriaren errealitatea aztertu zuten, hobetzeko proposamenak egiteko.
Bigarren Hezkuntzako ikasleek hiriko zenbait eremu garbitu zituzten, baina kanpaina egitea Txingudi HLHI eta Toki Alai HLHI ikastetxeetako ikasleen proposamena izan da. Gazteek mahaigaineratutako gaien artean daude saltoki txikiak eta merkatuak babestearen garrantzia, plastikoen erabilera murriztu beharra, tokian tokikoa eta sasoian sasoikoa aukeratzearen garrantzia, bigarren eskuko erabilerak faboratzea eta tokiko merkataritzari ikusgarritasun handiagoa ematea. “Ondorioek abiaburu argia dute: gure eskuetan dago kontsumo jasangarria, eta egunerokoan hartzen ditugun erabakiek inpaktu izugarria dute gure ingurunean”, esan du udaleko Garapen Jasangarriko ordezkari Sergio Javierrek. Yon Gallardo izozkitegia, Zebra Store & Gallery, eta Labore Txingudi dira kanpainako irudien protagonistak, “fokua guztion eskura dauden erabaki txikietan jarri duen gertuko kanpaina positibo batean”.
Javierren arabera, kanpainaren bidez “gure gazteen begiradaren indarraren balioa aitortzen dugu, argi utzi baitute jasangarritasuna egunero-egunero hartzen ditugun erabakien bidez ere eraikitzen dela. Argi dago irundar gazteek argi daukatela. Orain, haiei jaramon egiteko eta ekiteko garaia da”. Gainera, ikus-entzunezko pieza bat antolatu da ikasleekin eta irakasleekin. Horrela, proiektuaren nondik norakoak azalduko dituzte, baita zein diren ondorio nagusiak eta abian jarri beharreko ekimenak ere, udalerrian kontsumo jasangarria sustatzeko. Hiriko establezimenduei zabalik da kanpaina.


No hay comentarios:
Publicar un comentario