AAH (Adimen Artifizial Hiltzailea)
HITZAk eta Torrekuako eragileek hasitako elkarlanaren harira, TEKSeko Mattin Solis Uitzik Adimen Artifizialaren gaineko azalpenak eman ditu: "Bideragarria al da teknologia hauek orain funtzionatzen duten moduan martxan jarraitzea?".
Albiste izan zen joan den hilabetean: Adimen Artifizialak (AA) hurrengo hamarkadan hilko gaitu.
Horrelako titularra irakurrita edonor beldurtu daiteke, PISAko txostenean ikasleek ateratako emaitza eskasekin bezala, baina hau zerbait larriagoa da. Albistea, ordea, ez du edonork zabaldu, Anthropic-eko (Claude tresnaren enpresa) ikertzaile batek baizik, dimisioa aurkeztu ondoren.
Jarraian, Anthropic-eko burua (Dario Amodei) agertu da Adimen Artifizialaren garapena moteldu behar dela esanez, edozein arrisku txikitzeko, eta, atzetik, OpenAIko burua (Sam Altman) eta Elon Musk bere alde azaldu dira ere bai. Euren asmoa, ebaluatzaile independenteei beren sistemak ikuskatzea ahalbidetzea dela diote, guztia segurtasunaren mesedetan. Ez litzateke harritzekoa izango hiru enpresa handietako buruak aldi berean honen alde agertu direlako ez balitz. Baina zer dago honen guztiaren atzean? Benetan hilko al gaitu Adimen Artifizialak?
Hemeroteka begiratzen badugu, ikusiko dugu ez dela lehen aldia mota honetako mezu katastrofikoak egiten direla. Hain zuzen ere, 2017an (duela 9 urte), Elon Muskek antzeko mezuak zabaldu zituen. Urte batzuen ondoren, 2024an zehazki, OpenAI, Anthropic eta DeepMind-eko (Google) hainbat langile eta langile ohik Adimen Artifizialak gizartearen desagertzea eragingo zuela aurreikusi zuten. Euren mezuan, erregulazioaren beharra defendatzen zuten.
Mezu hauen guztien atzean beti dator «geldialdi» bat egitearen aldeko deia. Agian hori baita nahi dutena. Izan ere, Adimen Artifizialak sortzen eta garatzen ari diren enpresari, ikertzaile edo ingeniari horiek mota honetako mezu katastrofikoak argitaratzen dituzten bitartean, Margarita Padillak Inteligencia Artificial: jugar o romper la baraja liburuan dioen moduan, ez da arretarik jartzen diskriminazio algoritmikoaren egoera zehatzetan, arraza-, gizarte- edo genero-diskriminazioaren ereduak betikotzean, estereotipoak larriagotzean, desinformazioan, ingurumen kostuetan edo lan prekarietatean.
Azken finean hori baita asmoa, arreta beste nonbaiten ipintzea eurek euren lanarekin jarrai dezaten.
Hala eta guztiz ere, beste arrazoi batzuk ere egon daitezke mota honetako mezuak zabaltzearen atzean, besteak beste, hobekuntza esanguratsuak eskaintzeko ezintasuna: pausa estrategiko bat egin, euren martxa berriz hartzen duten bitartean.
Amaitzeko, ez dakit Adimen Artifizialak inoiz hilko gaituen, bai ordea baliabide eskasiak. Bideragarria al da teknologia hauek orain funtzionatzen duten moduan martxan jarraitzea? Uste dut hori dela egin beharreko benetako galdera.


No hay comentarios:
Publicar un comentario