'Amama' doan ikusteko aukera izango da Euskararen Eguna ospatzeko
Antzerki saioak, disko festa bat eta beste ikuskizunak antolatu dira abenduak 3aren inguruan
- JOANA OCHOTECO
- IRUN
Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da eta euskara udal sailak egitarau berezi bat antolatu du honen inguruan. Josune Gómez-ek, euskara ordezkariak, eta Arantxa Zuletek, teknikariak, programaren xehetasunak azaldu zituzten atzo.
Irungo Udalak «hainbat ekintza antolatu ditu egun honen inguruan. Aurten, gainera, herri administrazio guztiak era bateratuan antolatuko dugu Euskararen Nazioarteko Eguna. Euskaldun berriei aitormena egitea da idei nagusia», azaldu zuen Josune Gómez-ek. Hauek hizkuntza ikasteko egiten duten ahalegina goraipatu nahi da. Helburu honekin, udal bozeramaileen ba-tzordari adierazpen instituzional bat onartzea eskatuko zaio, «kale, plaza, lorategi, iturri, areto edo antzeko besteren bati 'Euskaldun berria' izena jartzeko proposamenarekin».
Euskararen Nazioarteko Eguna 'Emozioak airean' lelopean ospatuko da, eta Irunen antolatutako egitaraua aste bukaera honetan hasiko da: larunbatean, «Ez Dok Amairu gogoratuz, 'Herritarron sentikaria' ikuskizunarekin irundarrak kanta-tzera animatu nahi ditugu», Amaia Kultur Zentroan 20:00etan.
Egitarauaren barne 'Amama' filmaren proiekzioa nabarmentzen da: pelikula Donostiako Zinemaldian estreinatu zen joan den irailan eta abenduaren 2an izango da ikusgai Amaian. Emanaldi hau, Euskararen Nazioarteko Egunaren egitarauako beste aktibitate guztiak bezala, doakoa izango da. Gonbidapenak beharrezkoak izango dira, baina hauek Luis Marianoko turismo bulegoan eskuratu daitezke dohainik. Hori bai, pertsona bakoitzeko gehienez lau sarrera banatuko dira.
Beste antzerki eta ikuskizunez gain, abenduaren 3an eta egun osoan zehar 'PuztukiArt' ekimena gauzatuko da San Juan plazan eta CBA liburutegiko sarreran. Javier San Martín 'Shaf' artistak gidatuko du ekintza, eta bertan nahi duten hiritar guztiak euskararekiko dituzten emozioak idatzi ahal izango dituzte puxiketan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario