Herri Bazkariak 1.800 sarrera jarriko ditu aurten salgai
Ekainaren 3an eta 4an erosiko dira tiketak 18 eurotan, janaria eta festa barne, errefuxiatuentzat euro bat gordez
- IÑIGO MORONDO
- IRUN
Berde argiz jantzi dute aurten Betti Gotti Euskara Taldeko kideek Irungo jaietako Herri Bazkaria. Iaz bezala, Ficobako hiru pabiloiak hartuko ditu. 1.800 pertsona bazkalduko dute horietako bitan eta hirugarrena ondorengo festa ospa-tzeko erabiliko da, mahaikideekin eta hara hurbilduko diren beste hainbat irundarrekin.
Berritasunekin ere aurkeztu zen atzo zortzigarren edizio hau Ainhoa Ruano eta Nerea García Betti Gottiko kideek azaldu zutenaren arabera. «Kamiseta lehiaketari buelta bat eman nahi izan diogu eta aurten, koadrilek, hiru aukera izango dituzte diseinuak gauzatzeko: kamiseta, bandera edo pankarta». Azken bi aukeretan, koadrila bakoitzeko bakar bat egitearekin aski da, partehar-tzea merkeagotzeko ahaleginean. Orijinaltasuna eta euskarazko esaldiren bat egotea baloratuko da, ohi bezala.
Giro ona eta errespetua
Hamabi irundar gaztek osatzen dute herri bazkari honen antolakuntza taldea, nahiz eta egunean bertan «30 bolondres inguru hartzen duten parte». Beste hiritarrek ondo pasatzeko aukera eskaintzen dute eta hori dela eta begirunea eta adeitasuna eskatu zieten partehartzailei. Horretan sakondu zuen Kultura Arloko ordezkari Juncal Eizaguirrek. «Parte-hartzaile bezala (kamiseta lehiaketan irabazle ere!) eta bolondres moduan egon izan naiz Herri Bazkarian. 3.000 pertsona inguru biltzen dira ondorengo jaian eta bizi den gero eta giro hobeagoa nabarmentzekoa da eta antolatzaileei eskertzekoa».
Betti Gotti, bueltako kalejiran laguntzeko batez ere, bolondres bila dabil. Burrunba irundar elektrotxarangarekin egingo da bidea eta «aurtengo kontzertua 23:30ean hasiko denez, bere musikaz gozatzeko denbora luzeagoa izango dugu».
Ekainaren 3an eta 4an salduko dira sarrerak 18 eurotan, «bazkaria eta ondorengo jaia ordaintzeko da diru hori eta euro bat errefuxiatuentzat izango da». Horrez gain, «sorpresa bat ere egongo da, aurreratu nahi ez duguna». 18 urte beherakoek «hobe dute tiketa ez erostea, bazkarirako sarreran karnetak eskatuko baitira eta ezin izango dira sartu».
Betti Gotti Herri Bazkaria Irungo erdialdera ekartzeko gurarekin dagoela aitortu du. «Datorren urtera begira ideiak lotzen gabiltza ea non egin dezakegun» hainbeste lagunentzako otordua.
No hay comentarios:
Publicar un comentario