Gazteak 'Festan Blai' ibil daitezen, ekimenak antolatu ditu Udaleko euskara arloak
- M. A .I.
- IRUN
Irungo gazteek musika en-tzuteko eta festa giroan murgiltzeko Jenaro Etxeandia plazan, ekainaren 25, 26 eta 27an gaueko 22:30etik aurrera, izango dituzten aukeren berri eman du Irungo Udaleko euskara arloak. DJ ezagunak izango dira gune horretan eta, horretaz gain, festa giroko jolasak, opariak, zozketak, eta abar egingo dira bertan, gazteek eta gazteentzat antolatuak.
Musika onarekin dantza egiteko aukera izateaz gain, ondo pasatzeko ekitaldi osagarriak ere antolatuko dira aurten, esaterako, photocall-a egongo da argazkiak egin eta #irunfestanblai hashtag-a erabilita sare sozialetara igotzeko.
«Irungo gazteen parte hartze aktiboa bultzatu nahi da honekin, eta baita euskararekiko atxikimendua eta motibazioa landu ere», aipatu zuen euskarako ordezkaria den Josune Gomezek. «Irungo 13 eta 16 urte arteko gazteei zuzendutako ekintzak izango dira gehien bat», gaineratu zuen. «Gazteek aukera paregabea izango dute jendea ezagutzeko».
Kanten esaldiak osatzeko jokoa ere egingo da, non kanta ezagunen letrak erabiliko diren, eta banatutako esaldia osatzea lortzen dutenean, karpetara gerturatu eta oparitxo bana jasoko dute; betaurrekoak, txapelak eta koloretako eskumuturrekoak.
DJ-ek jarriko diote festari musika ekainaren 25, 26 eta 27an. Gainera gauean zehar, esan bezala, ekintza ezberdinak proposatuko dira eszenatokitik: esaldien jokoa, opariak, kanta/dedikazio eskaerak twitter bitartez, sare sozialen bitartezko parte hartzea, etabar. 25ean DJ Tirapu eta Gu Ta Gutarrak programan musika jartzen aritzen den Josu Rodriguezek jarriko dute musika. 26an, berriz, pothoGaua deritzaion horretan, DJ Ainara gipuzkoarra egongo da giroa animatzen eta 28an, Bengoa DJ-ko Oraitz Garciak jarriko du musika.
No hay comentarios:
Publicar un comentario