Mintzodromoak eta antzerki saioak egingo dira Euskararen Hilabetean
Pograma nagusiki haur eta gazteei zuzenduta dago, haien artean hizkuntzaren erabilera sustatzeko helburuarekin
Euskararen Hilabetearen programa gaur bertan hasten da eta martxoaren bukaera arte luzatuko da. Antzerkia, Mintzodromoaren bi saio eta 'Irunero' aldizkariaren edizio bereziak dira ekimenaren osagai nagusiak. Euskararen Hilabetearen helburu nagusia haur eta gazteen artean hizkuntzaren erabilera sustatzea da baina, aurtengo edizioan, publiko orokorrari zuzenduta egongo den aktibitate bat eskainiko da baita ere: Laburbira euskarazko film laburren zirkuitua Irunera iritsiko da martxoaren 15ean.
Ekintza honetaz gain, Irungo eskoletako ikasleak izango dira Udaleko Euskara arloak prestatutako ekimenetaz gozatuko dutenak. Euskara ordezkariak, Mónica Martínezek, eta arloko teknikariak, Arantza Zuletek, atzo aurkeztu zuen ekimena. «Haur eta gazteen euskararekiko jarrera eta interesa areagotzeko eta hobetzeko egiten da programa hau», gogorarazi zuen Mónica Martínezek. Antolatzen diren aktibitateen bidez, gaztetxoen «motibazioan eragin nahi dugu. Hau da Udalaren erronka nagusienetako bat: ikastetxeetan ikasi duten hizkuntza kalean gehiago erabiltzea», azpimarratu zuen ordezkariak.
Ikusle eta protagonistak
Arantza Zuletek Euskararen Hilabetearen barne burutuko diren jarduerak zehaztu zituen: antzerkia izango da programaren ardatz nagusietako bat, adin tarte desberdinentzat antolatutako saioekin. Gaur bertan, txikienek, Haur Hezkuntzako ikasleek, 'Liliput' antzerkiaren antolatu diren bost emanaldien lehenengoa ikusiko dute. L'Horta Teatro taldearen eskutik iritsi da Irunera «ipuin xume eta poetiko» hau, «antzerki eta musikaz betea. Gainera, aurten umeak ere obraren protagonistak izango dira», aurreratu zuen Euskara teknikariak. Zenbait ikuslek Amaia Kultur Zentroko eszenatokira igotzeko aukera izango dute emanaldi honetan. Lehen Hezkuntzako bigarren zikloko ikasleek, beste aldetik, Teatro Gorakadak ekoiztutako 'Mobydick' antzezlana ikusiko dute martxoaren azkeneko astean.
Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako gaztetxoek Eidaberen 'Zutuberrak' antzezlana ikusiko dute martxoaren 7an. «Gazteek hausnarketa bat egitea euskararen inguruan» da obra honen helburua. Horretarako, «internet, YouTube, rap musika eta haiengandik oso gertu dauden baliabideak» erabiliko dira.
Bigarren zikloko gaztetxoek «ikuskizun doblea» izango dute martxoaren 9an, 'Oskara plazara' hain zuzen ere. Bertan, Pablo Iraburuk eta Iñaki Alforjak sortutako film dokumentalean oinarrituz, Kukai Dantza Taldeko hiru dantzariek 'Oskara' ikuskizuneko zenbait pasarte taularatuko dituzte, dokumentalaren proiekzioarekin batera.
Bi ale berezi
Mintzodromo gazteak, beste alde batetik, bi saio izango ditu, martxoaren 15ean eta 16an. Ekimen honek «oso harrera ona izaten du. Bai eskolek eta baita gazteek oso balorazio positiboa egiten dute», Arantza Zuletek azaldu zuenez. Aurtengo saioetan, guztira 263 partaide bilduko dira Mendibil Merkataritza Guneko kafetegietan burutuko diren solasaldietan.
Ohitura den bezala, Irunero aldizkariak bi ale berezi argitaratuko ditu martxoan: batek Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako bigarren zikloko ikasleen lanak jasoko ditu; eta besteak Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko eta DBHko gaztetxoek egindakoak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario