SANTANO ETA IRIDOY, APIRILAREN 12AN EPAITEGIAN AURREZ AURRE
‘Korrokoitz auziak’ eragindako udal gobernu krisiaren ondorioetako bat auzibidearena izan da. Jose Antonio Santano Irungo alkateak Hirigintza kargua uztarazi berri zion Xabier Iridoyren gaineko akusazioak egin zituen, eta horien harira, epaitegien bidea hartu zuen EAJk. Bada jada badu data auzibide horren lehen saioak: apirilaren 12a (osteguna), 10:00etan, Irungo epaitegian. Adiskidetze saioa izango da ordukoa, epaitegietako hizkeraren arabera, “kontziliazio saioa”. Santanok Iridoyri leporatu zion Korrokoitzen gaian “hirigintza legalitatetik kanpo” lan egin izana.
EAJk ezarritako auzi-eskearen arabera, saio horretara Iridoyren kontra esan zituenak frogatzeko bitartekoak eraman beharko lituzke Santanok, esan zuenaren gaineko azalpenak eman beharko lituzte, bai forma zein mamian. Alta, Santanok aukera izango du esandako horiek berresteko, edo hitza jateko. Horren arabera Irungo EAJk erabakiko du zein bide hartu.
Auzibidea bakarrik ez. Gobernu krisi hark eragin du gaiari buruzko ikerketa batzordea eratzea udalean; otsailaren 28ko udalbatzarrean onartu egin zuten batzordea eratzea, EH Bilduren eta Si Se Puede Irunen ekimenez, eta EAJren oniritziarekin; proposamen horren aurrean PSE-EEk eta PPk abstentziora jo zuten.
No hay comentarios:
Publicar un comentario