Udako kultur agendaren azken txanpa
Irailaren hasiera aldera arte iraungo du kultur programazioak: Irun Hiria Musika
Bandaren kontzertua, irailaren 7an, eta Girabira ekimenaren beste edizio bat
Juncal Eizaguirre Kulturako ordezkariak kultur agendaren barruko hurrengo jarduerak errepasatu ditu, Golden Apple Quarteteko hiru kiderekin batera. Azken txanpan da udako kultur agenda, eta, bukaerara iritsi aurretik, hilaren 24an, larunbatarekin, 22:00etan, Urdanibia plazan, umorezko ikuskizun bat emango du taldeak: “Gran selección”.
“Udako kultur agendak baditu ezaugarri desberdin batzuk urteko beste garai batzuetako kultur agendenen aldean, eta horietako bat da eguraldi ona aprobetxatu nahian kaleko jarduera asko programatzen saiatzen garela. Izan ere, Kultura Arloaren funtsezko helburuetako bat kultura kalera ateratzea da, doan, adin eta mota guztietako ikus-entzuleentzat”, azaldu du Juncal Eizaguirrek.
Udako erreferentziazko hitzordu batzuk iraganeko kontua dira dagoeneko, hala nola Dies Oiassonis erromatar jaialdia, zeina uztailean izan zen, eta Euskal Jira, zeina abuztuaren hasiera aldean izan zen. Aurreko asteetan, udan hiriaz gozatzeko askotariko proposamenak ekarri dituzte zinema, musika eta antzerki ikuskizunek eta bakarrizketek, bata bestearen atzetik.
Ildo beretik, abuztuaren bukaera aldean, asteburu hau gorriz markatuta dator egutegian: 20:00etatik aurrera, Eskoleta karrikan, dantza garaikideko bi pieza emango dituzte Amaia Elizaran tolosarrak eta Myriam Perez Cazabon oiartzuar dantzari eta koreografoak (Irunen bizi da Perez Cazabon). Ostiralean, berriz, beste bi hitzordu izango dira: 19:00etan, “18 cm” erakusketa inauguratuko da, Amaia Kultur Zentroan, eta, 22:00etan, aire zabaleko zinemaren txanda izango da, udako laugarren proiekzioa egingo baita; hain zuzen ere, Paddington 2 filma eskainiko da, euskaraz (gogoan izan beharra dago berriro programatzeko dagoela Skola Music Grease filmaren harira egitekoa zen emanaldia, bertan behera geratu baitzen eguraldi txarra zela eta). Azkenik, larunbatean, 22:00etatik aurrera, Golden Apple Quartet laukote ezagunak “Gran selección” ikuskizuna emango du: “Golden sagarrak” 30 urte baino gehiago darama oholtza gainean, eta umore ona nagusi den 100 minutuko emanaldi bat ekarriko du Irunera.
Datorren asterako, jarduera hauek datoz kultur agendan: hilaren 29an, Aupa Quartet taldearen kontzertua, CBAn, AcustiCBAs musika zikloaren barruan, 19:15ean; eta, hilaren 30ean, ostiralarekin, musika gehiago, Mandrágora Negra eta Kilmara taldeen eskutik, Urdanibia plazan, 22:00etatik aurrera. Gainera, aipatzekoa da hilaren bukaera aldean (abuztuaren 29tik irailaren 1era bitartean) Arbes auzoko jaiak direla, eta, abuztuaren 31n, Karrika Nagusikoak, sanramonak.
Irailean, gehiago
Kulturako ordezkariak jakinarazi duenez, “udako kultur agenda ez da orduan iritsiko bukaerara. Izan ere, eguraldi ona aprobetxatzeko, normala denez, programazioak pixka bat gehiago iraungo du, irailera arte”. Alde horretatik, iraileko kultur egutegiaren barruan nabarmenak izango diren zenbait jarduera iragarri ditu Juncal Eizaguirrek.
Besteak beste, aipatzekoak dira hitzordu hauek: irailaren 7an, Irun Hiria Musika Bandaren kontzertua, Junkalen, zaindariaren omenez; Girabira ekimenaren hirugarren saioa (berritasun bat izango da, literaturari eskainiko baitzaio jardunaldia); irailaren 20an, Adour-Bidasoa sariketako erakusketa handiaren inaugurazioa; Ribera arte garaikide eta ibiltariko azoka; eta, azkenik, irailaren 28an, Irun Zuzenean musika jaialdia (laster iragarriko da zer taldek parte hartuko duten, baita beste hainbat sorpresa ere).
No hay comentarios:
Publicar un comentario