jueves, 28 de enero de 2021

XIX. mendeko Irungo bertsolaritza aztertuko dute Loidi bekako irabazleek

Noticia publicada en Diario Vasco,el jueves día 28 de Enero de 2021.

XIX. mendeko Irungo bertsolaritza aztertuko dute Loidi bekako irabazleek

Joxan Elosegi eta Aitor Errazkin ikertzaileek irabazi dute hamabosgarren edizioa eta inguruko «bertso ondarea» aztertuko dute

Aitor Errazkin eta Joxan Elosegi, 2020ko Loidi bekako irabazleak, Miren Echeveste Euskara ordezkariarekin batera. / F. DE LA HERA
Aitor Errazkin eta Joxan Elosegi, 2020ko Loidi bekako irabazleak, Miren Echeveste Euskara ordezkariarekin batera. / F. DE LA HERA

EKAITZ RETAMOSA irun.

Joxan Elosegi eta Aitor Errazkin irundarrek 'Bertsoak eta bertsolariak Irunen XIX. mendean' proiektuarekin 2020. urteko Jose Antonio Loidi Ikerketa Beka irabazi dute. Atzo prentsaurrekoan iragarri zuten bezala, ikerlariek kontuan hartu nahi dute «Irunen pausatu den bertso ondarea, baita nolako protagonistak dauden ikusi eta aztertu ere».

Elosegik adierazi zuen moduan, «sineztarazi nahi digute Irun bertso mundu horretatik kanpo dagoela eta kanpo egon dela; bertsoa izan da Irunen eta hori da ikertu nahi duguna, hain zuzen ere XIX. mendean». Ondare horren gehiengoa idatzirik iritsiko zaiela luzatu zuten. «Aldiz, ahozko iturriak zoritxarrez ez ditugu asko espero».

Joxan Elosegik azaldu zuenez, «XIX. mendean sortu eta XX. mendean bizi izan ziren bertsolarien lanak alde batera utziko ditugu, adibidez Jose Mari Lopetegirenak». Beste aldetik, Hondarribiako eta behe-Bidasoako bertsoak eta bertsolariak kontuan hartuko dituzte. «Susmatzen dugu gehiena Irunen jasoko dugula».

Aitor Errazkin euskara irakaslea da Irungo AEKn, baita Irungo Bertsoaren Bilguneko eta Txingudiko Bertso Eskolako kidea ere. Atzo adierazi zuenez, «ondareak bere isla gizartean» behar du. «Gaur egungo bertsolarientzat garrantzitsua da gure aurreko giro hori ezagutzea, jakin zertan izan den bertsoa gure herrian aurreko urteetan».

Sei proiektu aurkeztu dira

Historia jardunerako metodologiaz baliatuko dira egileak bertso sailak eta bertsolariak bilatzeko eta denboran kokatzeko unean, bertsoen ikerketari eta azterketari heltzeko unean arlo eta diziplina askotako elementuak hartu behar direla kontuan hartuz. Gainera, bertsoen transkripzioa eta grafia batuaz aurkezten saiatuko dira. Azpimarratu zuten ez dutela bertso eta bertsolari zerrenda sinplerik aurkeztuko, analisi sakon bat baizik.

Joxan Elosegik gogora ekarri zuen berak txikitatik Jose Antonio Loidirekin izandako erlazioa. «Auzokideak ginen, nire aldamenean bizi izan zen eta beti izan dugu harremana». Elosegik Joxe Mari Lopetegi bertsolariaren liburua 2004. urtean argitaratu zuen eta Loidiren babesa jaso zuen. «Aurrez aurkeztu nion proiektua, gauza berriak erakutsi nizkion eta begi onez hartu zuen; laguntza eman zidan ahal zuen moduan».

Honez gain, beste bost proiektu aurkeztu dira 2020ko edizioan: 'Irunen Lehen Hezkun-tzan dauden haurren eta haien familien euskararen erabilera pandemia garaian' (Oihana Aramburu eta Amalia Masri), 'Ernest Hemingway Txingudiko Badian' (Iñaki Sagarna eta Edorta Jimenez), 'Euskal ipuin eta leiendak. Antologia eta azterketa' (Jon Metxakator), 'Emakume aginduaren irudikapena 1979tik gaur egun bitarteko euskal literaturan' (Leire Errandonea eta Maite Arraztoa) eta 'Txingudi-Bidasoa inguruko emakume kontrabandistak' (Rosa Arburua).

Euskara ordezkaria den Miren Echevestek isladatu zuenez atzoko prentsaurrekoan, «beka honek omenaldi izan nahi du adopzioz eta bihotzez bidasotarra zen Jose Antonio Loidi ospetsuarentzat. Bestalde, euskarazko ikerketa suspertu eta bultzatu nahi ditu hainbat esparrutan; hain zuzen ere, antropologian, filologian, toponimian, literaturan, osasun publikoan, hidrologian eta botanikan». Joxan Elosegik eta Aitor Errazkinek 12 hilabete izango dituzte proiektu hau jorratzeko, 2021eko urte bukaera arte. Hau gauzatzeko 9.000 euroko zuzkidura jasoko dute.

Proiektu irabazlea
'Bertsoak eta bertsolariak Irunen XIX. mendean' izeneko proiektuak 2020ko Loidi beka irabazi du.
Ikertzaileak
Joxan Elosegi eta Aitor Errazkin irundarrek aztertuko dute gaia.
Epea eta saria
Lana hurrengo 12 hilabeteetan burutu behar da, 9.000 euroko saria izanda.
Aurkeztutako proiektuak
'Irunen Lehen Hezkuntzan dauden haurren eta haien familien euskararen erabilera pandemia garaian', 'Ernest Hemingway Txingudiko Badian', 'Euskal ipuin eta leiendak', 'Emakume aginduaren irudikapena 1979tik gaur egun bitarteko euskal literaturan' eta 'Txingudi-Bidasoa inguruko emakume kontrabandistak'.

No hay comentarios: