viernes, 16 de diciembre de 2022

EAJk udal aurrekontuen zuzenketak aurkeztu ditu

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el viernes día 16 de Diciembre de 2022

EAJk udal aurrekontuen zuzenketak aurkeztu ditu

22 dira aurkeztuko dituzten zuzenketak eta euskara, bizikidetzarako auzoen diagnostikoa edota berrurbanizazioa izan dira haien ildoak.

Irungo udal aurrekontuen gaineko iritzia plazaratu zuen orain bi aste EAJk eta baliabide guztiak aktibatutakoak zirela adierazi zuen eta orain arte udal gobernuarekin zuten desadostasuna horixe zen. Gaurkoan hausnarketa baten ondoren proposatuko dituzten 22 zuzenketen berri eman dute. 

Lehenik, Ogasuneko ordezkariarekin elkartu direla azaldu dute eta Aurrekontu Proiektuaren aldeko botoa emateko udal gobernuak EAJk argitaratu dituen hiru ardatzen aldeko konpromiso politikoa eskatu dute, “bide iraunkor bat barneratzeko konpromisoa, Segurtasun eta Bizikidetza Planaren garapenean arduraz jardutea eta ikastetxeetan inbertsio handiagoa egiteko konpromisoa) eta era berean, aurkeztu ditugun zuzenketa multzo garrantzitsu bat onartzea”.

EAJren zuzenketak

Auzoetako egoera gatazkatsuenen diagnostiko bat egitea proposatu dute, bizikidetzarako eta aisialdi arduratsurako plan bereziak egiteko aukera zabal dadin.

Bestetik, bi hiri estrategia lantzea nahi dute, pertsonen ongizateari “une oro” lehentasuna emateko. Batetik, biztanleriaren zahartzeari eta desberdintasun sozialei aurre egiteko planak nahi dituzte, “gure hiriko gizarte bazterkeriari arreta berezia jarriz”. Ildo horretan, Zubia Gizarteratze Zentroaren kokapena aldatzeko aukeren azterketa egitea da jeltzaleen proposamena.

Euskara ere nahi dute haien aurrekontuen ardatza izatea, programa eta proiektua berriak garatuta. Hartara, haurrentzako zinema euskaraz eta doan egin berri den ekimena izan dute hizpide, arrakastatsua izan delakoan: “Ezinbestekotzat eta zentzuzkotzat jotzen dugu gure hiriko gazteenen artean dinamika osasungarriak indartzea helburu duen programa mantentzea eta zabaltzea”.

CBA udal liburutegiak euskarazko material didaktikoa eta funts bibliografikoak eskuratzeko zuzenketa bat aurkeztu du EAJk. Bestalde, Ziztaka mugimendua bultzatzen ari de kafe antzokia sortzeko prozesu parte hartzaileari ekitea proposatuko dute ere. 

Obrei buruz ere mintzo dira jeltzaleak eta Jaitzubiako Eihera plazaren eta Txingudi Ikastolaren arteko eskolako bidea hobetzea da jeltzaleen aurrekontuetako asmoetako bat. Bestalde, Mendibil parkean komun publikoak jartzea ere jaso dute eta Lapitze auzoan Ciudad Jardin 2 deituriko ingurua urbanizatzeko proiektua egitea ere proposatu dute.

Udal hauteskundeak maiatzean izango dira eta EAJk uste du Irunek “gehiago” behar duela, “gure hiria gehiago izan daitekeelako eta, ez hori soilik, gehiago izatea merezi duelako”.

Zentzuz jokatzeko jarrera adierazi dute jeltzaleek eta baietsi dute ez dituztela udal kontuak inoiz oztopatu: “arrera arduratsua eta eraikitzailea izan da gurea, eta bide berean jarraituko dugu. Garai zailak bizi ditugu, ondorioz, herritarren ongizateari lehentasuna eman behar zaiola uste dugu, eta helburu horrekin dihardugu”.

No hay comentarios: