miércoles, 13 de diciembre de 2023

Cristina Laborda Albolea izendatu dute Irungo alkate berri

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el miércoles día 13 de Diciembre de 2023.

Cristina Laborda Albolea izendatu dute Irungo alkate berri

25 urteko ibilbide politikoa du atzean Laborda sozialistak eta gaurtik aurrera Irungo alkatea da. Bere oinarri eta konpromisoak, "ilusioa, ardura, batasuna eta loturak" direla azaldu du.

Pasa den azaroaren 27an uko egin zion alkate eta zinegotzi karguari Jose Antonio Santano sozialistak. Hamar egun pasa ondoren, alkate makila eta zumea hartu ditu Cristina Laborda Alboleak sozialistak Irungo udalbatzan. Aurretik, bozketa egin da udalbatzan eta aldeko 10 bozka eta 15 txuri izan ditu bere hautagaitzak.

Labordak “harro” dagoela Irungo lehen emakume alkatea izateagatik adierazi du. Bere bulegoko atea “24 orduz, asteko 7 egunetan eta urteko 365 egunetan irekita” egongo dela ziurtatu du. 25 urteko ibilbide politikoa du atzean, baina ordutik duen «bokazio eta indarra» berdina direla nabarmendu du. Ibilbide politikoa 19 urterekin hasi zuela oroitu du eta ordutik asko ikasi duela. “Mila esker taldeari zuen leialtasunagatik”. 

Santanori buruz ere aritu da eta eskerrak eman dizkio: “hoberenagatik ikasteko zortea izan dut, politikaz dakidan ia guztia zugandik [Santano] ikasi dut”. “Harrotasunez eta arduraz” hartu duela lekukoa esan du, eta azaldu du “etapa berri bat hasi da”. 

Bere oinarri eta konpromisoen berri eman du Labordak. Lehenik, “ilusioa” aipatu du zeinak alkate karguraino eraman dion energia izan den eta lanean segitzeko balioko dion.

Arduraz ere mintzatu da, hala hartu duelako alkate izatearen “pribilegioa”. Batasuna izan da hirugarren printzipio eta konpromisoa. “Orain arte Irun gure desadostasun politikoen gainetik jarri dugu. Balioan jarri dugu batzen gaituena, banatzen gaituena baino. Aldarte horretan udalbatzara etortzea eskatzen dizuet”.

Azkenik, loturen garaia dela azaldu du. “Urte hauek konektatzeko urteak izango dira, bai hiriaren fisikoari dagokionez eta politikei dagokienez ere. Via Irunek hiria trenbideengatik bereizita egoteari uzten lagunduko digu. Halaber, hiritarrak politikarekin lotzeko lanean arituko naiz”.

Horrez gain, Santano joan denetik udalbatzan eserleku bat dago betetzeke eta PSE-EE-ko zerrendan 11. izan den Sergio Corchon Arretxek zinegotzi kargua berriro hartu du gaurkoan ere. Izan ere, Corchon udalbatzara itzuli da, 2015etik 2019ra izan baitzen udal ordezkari eta zinegotzi.

Cristina Laborda Albolea

Laborda 1999. urtetik da zinegotzia Irungo Udalean, Alberto Buen alkatearen azken agintalditik, hain zuzen. Ia 25 urte daramatza politikan eta gaur alkate izateko ibilbideari ekin dio.

2023ko ekainean osatu zuen udal gobernu berria Santanok eta, ordutik, Labordak zortzi ordezkaritza ditu bere gain: Gizarte Ongizatea; Giza-Baliabide eta Zerbitzu Orokorra; Obra Publikoak; Udaltzaingoa eta Bizikidetza; Garapenerako Lankidetza; Baloreak eta Giza Eskubideak; Berdintasuna eta Kontsumoa.

Udaletxean ez ezik, Eusko Legebiltzarreko kidea izan zen Patxi Lopez lehendakariaren agintaldian 2008tik 2012 bitartean. Aurretik, gainera, Gipuzkoako Batzar Nagusietako kidea izan zen 2007ko ekainetik 2008ko martxoa arteko epean. 

Labordaren etorkizuneko udal gobernuak ez dauka gehiengo osoa udalbatzan. Horretarako, akordioa behar luke sinatu EAJrekin edota EH Bildurekin, eta aurrekariak begiratuta, jeltzaleekin egin dezakete udal gobernua eratzeko akordioa. Gaur gaurkoz, Irungo Udaleko 20 ordezkaritzak lau zinegotziren artean ditu banatuta PSE-EEk.

No hay comentarios: