Irungo Kaldereroek hilaren 22an desfilatuko dute
Irungo Kaldereroen Konpartsa aurtengo ediziorako prestatzen hasia da. Horretarako, bi entsegu egun antolatu dituzte.
Kaldereroen ohitura handia egonik Euskal Herrian, Irun’go Atsegiña Elkarteak XX.mende hasieran berrartu zuen tradizioa. Inauterien iritsiera erakusten dute pertsonai hauek, eta Irunen “geroz eta jende gehiagok hartzen du parte, desfilearen barruan edo honek kaleetan sortzen duen giroaz gozatuz”, “beti ere bere izaera espontaneoa eta jai-girokoa mantenduz”.
Aurtengo edizioa heltzear da, eta hilaren 22an 19:00etan desfilatuko dute kaldereroek, Alberto Anguera plazatik San Juan plazaraino. Urtez urte jende gehiagok parte hartzen duen ekitaldiak “kaleak zarata metaliko, jantzi koloretsu eta antzinako galdaragileek hirian egindako ibilbidea oroitarazten duten kantuez” beteko du hiria. Aurtengo edizioa antolatuz konpartsak “tokiko folklorearen biziraupenean duen konpromisoa berretsi du, hiriaren neguko ekitaldi esanguratsuenetako bat bihurtuz”.
Kaldereroen Konpartsa irekia da, baina, komenigarria da desfile egunaren aurretik entsegatzea. Horregatik, bi entsegu egun antolatu dituzte, bata, otsailaren 18an 19:00etan, eta bestea, otsailaren 20an ordu berean; biak Irun’go Atsegiña Elkartearen egoitzan. Entseguetan “parte-hartzaileei errepertorioarekin ohitzeko eta desfileak duen festa eta kohesio izaera mantentzeko aukera emango” zaie.
Desfilearen ondotik, urtero bezala, afaria antolatu du elkarteak. Afaltzera joan nahi duenak salda, oilaskoa patata eta piperrekin, postrea, kafea, ardoa, sagardoa eta ura jan eta edateko aukera izango du 15 eurogatik. Hilaren 18 arte eman daiteke izena afarian astearteetan 19:00etatik 20:00etara bitartean elkartearen egoitzara hurbilduz.
No hay comentarios:
Publicar un comentario