Cristina Laborda Belaskoenea auzoan izango da
'Alkatea auzoetan' egitasmoaren hurrengo geralekua Belaskoenea izango da, eta datorren ostegunean, hilaren 19an, bertako bizilagunekin elkartuko da.
Hiritarren ideiak, kezkak eta iritziak kontuan izatea ezinbestekoa da Irun garatzeko. Hori dela eta, Alkatea auzoetan egitasmoa martxan jarri zuten. Hilabetero Irungo auzo bati bisita egiten dio, eta auzo-elkarteko kideekin auzoa bertatik bertara ikusteko aukera du Cristina Laborda alkateak. Datorren astean, egitasmo honen baitan, Belaskoenea auzoa bisitatuko du. Hitzordua datorren ostegunean, hilaren 19an, izango da, 17:00etan. Auzoaren bisita egin ondoren, auzo-elkartearen egoitzan auzotarrekin bilera egingo du, 19:00etan.
Azken hilabeteotan, Behobian, Urdanibian, Lapitze-Elitxun, San Migelen, Arbesen, Santiagon, Alde Zaharra-San Juan Anaka-Puianan, Larreaundin, Dunboan, Katean, El Pinar eta Anzaranen izan da. Egitasmo honen bitartez, itxuraz txikiak diren proiektuen bidez, parte-hartzean oinarritutako hiri inklusiboa eraikiko dutela adierazi du. Auzotarrek beren proposamenak helarazteko aukera izango dute udalaren webgunean.
Urtarrilean, Anzaran auzoa bisitatu zuen alkateak, eta jasotako iradokizun guztiak aztertu ondoren, honako hauek izan ziren hartutako konpromisoak: segurtasuna hobetzea, Anzaran plazako eta Hendaia kaleko lorategien egitura eta argiztapena hobetzea, eta azkenik, gizalegezko kanpaina bat abiaraztea.


No hay comentarios:
Publicar un comentario