2026ko sanmartzialak, kartel bila
Bihar, hilak 14, aurtengo jaietarako kartelaren proposamenak aurkezteko deialdia irekiko dute, eta hilaren 26ra arte aurkeztu ahalko dute.
Bi hilabete besterik ez dira falta aurtengo San Martzial Jaiak hasteko, eta festak iragartzeko kartelaren bila dabiltza. Bihar, hilak 14, aurtengo sanmartzialak eta San Pedroak iragartzeko kartelaren proposamena aurkezteko deialdia irekiko da, eta hilaren 26ra bitarte aurkeztu ahalko dute. Proposamenak Amaia KZn eta posta bidez entregatu beharko dituzte. Amaia KZn, Lopez de Becerra kaleko sarreran entregatuko ahalko dira, asteartetik larunbatera 18:00etatik 21:00etara eta igandeetan 11:30etik 13:30era.
Lehiaketan parte hartzeko 70 cm x 50 cm tamainako euskarri batean aurkeztu beharko dute. Kartelean, bertan, Irun, San Pedro – San Martzial 2026, Ekaina – Junio testua edukitzea ezinbestekoa izango da. Hautatutako kartelak 1.200 euroko saria izango du, eta horretaz gain, 300 euroko accesita ere banatuko dute. Informazio gehiago udal webgunean aurki daiteke.
Aurkezteko epea amaituta, Batzorde Artistikoak hilaren 29an lehiaketaren finalistak hautatuko ditu. Maiatzaren 4tik 14ra, biak barne, finalistak udal webgunean ikusgai izango dira, eta bozka gehien lortzen dituen kartelak aurtengo sariduna izango da. Maiatzaren 15ean, Batzorde Artistikoak emaitzak jakinaraziko ditu.
Aurkeztutako lan guztiak Amaia KZren erakusketa aretoan erakusgai izango dira eta hautatutakoak bakarrik udalaren webgunean erakutsiko dira. Erakusketa ekainaren 12tik 28ra izango da, biak barne.


No hay comentarios:
Publicar un comentario